Iritziak

Iritzia | Arnasestuka

Aitak deitu du, lanetik, ezohiko orduan eta, logikoa denez, ama larritu egin da. Etxebarriko SAGA eraikinean egiten du lan aitak eta bertan sute bat gertatu dela esan dio bere emazteari.

Aitak deitu du, lanetik, ezohiko orduan eta, logikoa denez, ama larritu egin da. Etxebarriko SAGA eraikinean egiten du lan aitak eta bertan sute bat gertatu dela esan dio bere emazteari. ‘Txikia ematen du, baina suhiltzaileek ez digute gerturatzen uzten, kea toxikoa omen da. Beranduago deituko dizut’, komentatu dio lasai-lasai.

Ama dago sutea parean daukan aita baino askoz urduriago, mugikorra eskuetan. Hedabideak hasi dira jazotakoaren berri ematen eta hasieran uste baino larriagoa omen da. Egoera ikusita, arratsaldea libre dauka aitak eta estreinakoz bere biloba jaso ahal izango du eskolan. Pozik bai, baina jokoz kanpo dago. Sutearenak ez du gehiegi kezkatzen, baina lan egun batean beharrean ez egotea zeharo arraroa da berarentzat.

17 urte zituela hasi zen lanean eta ez du inoiz, eta zorionez, bajarik hartu. Askotan behar izan duelakoan nago, baina sukarrak jota eta bularreko uzkurdura baten ondorioz arnasestuka ere lanera joaten ikusi izan dut. Ez dakit nire gurasoen belaunaldi kontua edo norberaren jarrera kontua den, baina sarri esan diot aitari, maitasunez, burutik jota dagoela.

Gaur ere burutik sano ez dagoela pentsatu dut. Sutea kontrolpean izateko gau osoa lanean eman behar izan dute suhiltzaileek eta, argi zegoen, gaurkoan ere aitak ezin izango zuela bere lana ohiko lekutik burutu, baina iratzargailua jarri eta 08:00etan Etxebarrira hurbildu da, itxaropentsu. Arratsaldeko 17:00etan bueltatu da etxera. ‘Egun osoa zutik eman dugu, eraikinaren aurrean noiz sartuko zain, baina azkenean ezer ez’. Zer esan ez genekiela begiratu diogu eta azkenean amak esan dio: ‘Erretiroa hartzen duzunean jasangaitza izango zara, obretako langileekin hitz eta pitz aritzen den horietarikoa”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak