Iritziak

Iritzia | Bon apétit

Aitarengandik ikasi nuen leziorik garrantzitsuena zera da: taberna bat defnitzen duena ez da tortilla pintxoa edo garagardoa apar ugariz zerbitzatzen dutenentz. Taberna baten ikurra kafea da.

Taberna baten barraren atzean hazi nintzen. Aitarengandik ikasi nuen leziorik garrantzitsuena zera da: taberna bat defnitzen duena ez da tortilla pintxoa edo garagardoa apar ugariz zerbitzatzen dutenentz. Taberna baten ikurra kafea da. Berari hutsa eta laburra gustatzen zitzaion. Tabernaren esentzia harrapatzen zuen kikara txiki batean lehen zurrupadan eta, halaber, zerbitzariaren profesionaltasuna. Nolako kafea halako morroia!

Ama sukaldaria zen jatetxean. Lagun bat gonbidatzen banuen etxera, amak ez zion galdetzen gurasoei buruz edo ikastetxean ateratzen zituen noten inguruan. Berak lagunak jaten zuenari erreparatzen zion. Jatun ona bazen, “Jatorra zure laguna!” esango zidan amak hark alde egin ondoren. Bestela, muturra okertuko zuen gaitzespena egiteko. Nolako jatuna halako laguna!

Agian sinpleegia da metodoa, baina horrela ikasi dut nik pertsonak eta baita herriak epaitzen. Esate baterako, ingelesak ez dira fidagarriak. Ezagutu al duzue kafe on bat prestatzen duen ingelesik? Goraipatu behar dugu fish and chips bertako sukaldaritzaren ikurtzat duen herri bat?

Frantzian ibili naiz aurten oporretan. Taberna batean café petit noir, au lâit edo noisette bat hartuta, berehala sentitzen nuen toilette-a bisitatzeko beharra. Ostera, Camembert gazta apur batek, labetik atera berriko baguette batean sartuta, zerura eramaten ninduen komunetik pasatu gabe. Eta zer esan Landetako moule (muskuilu) gozoei buruz? C’est super!

Udako esperientzia honek gizakiak epaitzeko ditudan printzipioak zein ahulak diren ikustarazi dit. Barre egiten duen irakurle horrek hausnartu al du zeintzuk diren pertsonak epaitzeko erabiltzen dituen parametroak? Baita nola bereganatuzituen ere? On dagizula!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak