Iritziak

Iritzia | Bizitzak erdigunean jarriko dituen gizarte baten beharra

Covid19ren hedapenarekin gizarteak osasun krisi batekin egin du topo, zeinak era berean jada existitzen ziren beste zenbait krisi sistemiko azalerazi eta are bortitzago bihurtu dituen; zaintza krisia, krisi soziala zein lurraldetasun auzia.

Egoerarekin nahikoa ez eta honi, ate-joka darabilgun krisi ekonomikoa gehitu behar diogu. Larria eta krudela da langile zein sektore prekarizatuenak pairatzen ari diren egoera, EAJ eta boteredunen diru gose ase ezin horren ondorio. Pedro Sánchezek hilaren 28an beharrezkoak ez diren produkzioak etetea dekretatu arte, eta euskal ekonomia “koma egoera batean sar ez dadin”, asko izan dira lanera joatera behartuta egon direnak, baldintza kaskarretan eta, ez haientzako ez ingurukoentzako babes neurririk gabe. Eskualdera begiratuz, itxialdiko lehen hamabostaldian irekita egon diren lantoki andana daude, nahiz eta hauek ez duten lehentasunezko premiei dagozkien produkziorik burutzen: Galdakaoko Maxam, Sidenor Basaurin… Asteak daramatzate komunitate zientifikoak, sindikatuek eta alderdi batzuek itxialdi osoa eskatzen, eta hala ere, EAJ eta Confebaskek entzungor egin diote horri. Orain, barregarri geratu dira eta berriro ere, berandu ari dira, Zaldibarreko auziarekin bezala. Guk argi daukagu, ez dago inolako dilema posiblerik bizitza eta ekonomiaren artean.

Beste asko delako ERTEen izenpean kaleratuak izan dira, ondorengo egunetarako (edo hilabeteetarako) diru sarrera ia hutsalekin; are egoera larriagoan kokatzen dira oraingo koiuntura aprobetxatuz behin betiko kaleratuak izan direnak, edota orain arte beltzean kobratzen egon eta langabezia-saririk jaso ezingo dutenak (klase partikularrak ematen dituzten gazteak, pertsona nagusien zaintzaile asko, etxe garbitzaileak…). Hauek guztiek alokairu, argi indar, ur zein bestelako fakturak ordaintzeko zailtasun nabariak edukiko dituzte, eta momentuz egoera honetatik irteteko inolako soluzio errealik barik. Milaka dira ere, etxean geratu behar izan diren ikasleak, hezkuntza eskubidea modu aski batean burutzeko ezintasunarekin.

Sistema kapitalista heteropatriarkal honek bere hortzik zorrotzenak erakutsi dizkigun honetan, eta nahiz eta agintariek krisi ekonomiko hau edozerren gainetik gelditzeko urgentzia dagoela esan, guk argi daukagu: krisi honen ondorioak ezin dira langile eta sektore prekarizatuenen gainetik jarri, lehentasuna herria da.

Urteetan hizpide izan dugun zaintza krisia agerian geratu da egunotan Covid19rekin, sistemak eztanda egin eta zaintzak kolapsatu duelako. Orain arte merkatuetan zentratuta bizi izan gara, eta kolapso honek argi erakutsi digu, oraindik ez gaudela pertsonen bizitzak babesteko prestatuta. Zaintza krisia egiturazkoa da eta horregatik da beharrezkoa paradigma aldatzea; norbanakotasunetik kolektibora pasatu eta behingoz bizitza erdigunean jartzea. Honi loturik, itxialdi honen baitan beren erasotzaileekin etxe berean egotera behartuta dauden emakumeen egoera ere mahaigaineratu nahiko genuke, eta guztiz gaitzetsi martxoaren 27an Galdakaon bertan jazo zen eraso matxista. Inoz baino beharrezkoagoa daukagu autodefentsa feminista, eta orain, denok etxean gaudela aprobetxatuz, ardura honen kolektibizazioa indartzea dagokigu.

Bizitzak erdigunean jarriko dituen gizarte bat behar dugu, produkzioa gaurdanik eten behar da bere osotasunean eta Euskal Herria zein Galdakao zerbitzu minimoetan kokatu. Etxean ez gauden egun bakoitza egun galdua da eskubide eta osasun bermeei dagokienez.

Estatutik, birusaren aurkako jardunari alferrikako logika militarra aplikatu nahi zaio, horretarako, altruismoaren zurikeriatan, Euskal Herriko zenbait txoko jada militarrez bete direlarik. Onartezina da, bestalde, osasun krisiaren izenpean espainiar Estatuak burutu duen konpetentzien ebasketa eta boterearen zentralizazioa. Gero eta premiazkoagoa da herri honen subiranotsuna.

Amaitzeko, eta zerbait positiboa azpimarratzekotan, sistemak bere gain hartu ez dituen beharrak barne hartzeko asmoz komunitatean ehundu diren sareak aipatu nahiko genituzke. Antolakuntza honek esperantza ematen du, baita borrokan jarraitzeko gogoa ere. Hemen badaukagu herri bat egoera zailenetan ere erantzuten dagoena, lehentasunez bizitzak aldarrikatzen dagoena. Herritarron bultzada izan zen instituzioak baino lehen babes neurriak hartzen hasi zena, herritarron bultzada ere zaintza lanak azkartu zituena; eta Galdakao ez da atzean geratu: jada 260 lagun baino gehiago baitira Galdakaoko elkar-zaintza sarean dihardutenak, eta Ernaiko kideok ere bertan ari gara.

Ardura kolektiboaren erakustaldi hau izan dadila eraiki nahi dugun geroaren hasiera!

 

Maddi Sanchez eta Ander Aperribai
Galdakaoko Ernaiko militanteak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak