Iritziak

Iritzia | Agnizioa I: dolua

Zintzoagoak izan beharko genuke zer moduz gauden galdetzen diguten bakoitzean.

Barru barrutik agur esan beharrak min ematen du, agur ez baita gero arte, agur baita agur. Luze jotzen du osatzeak. Atzera begiratzeari uztea, burua arteztea eta begiak urrunera egokitzen hastea ez da goizetik gauera egiten. Gogor sakatu behar zaio okela bizian dagoen bihotzari oinazea atera dadin, zorne-emaria eten arte. Eta sakatuta ere etsipenaren erregua baino ateratzen ez denean, orduantxe hasten da norbera osatzen, apurka-apurka, behinola izan ginena izatera helduko garen arte. Noizbait helduko bagara, noski.

Aspaldion, mozkor gaudenetan, pelikuletan gisa denbora gelditzen dut eta nire inguruan ditudanei erreparatzen diet eta galdetzen diot neure buruari ea eurek ere zenbat ebakiondo, zenbat zikatriz duten barnean. Lankide batek esan zidan behin, gintonika eskuan, ingurura begiratzeko eta konturatzeko inork ez dakiela ondo zein den bizitzaren zentzua, eta norberak ahal duen ondoen egiten duela aurrera. Eta nago egia santua dela hori, batere ulertzen ez dugun antzerki honetan bakoitzak min gutxien ematen dioten txokoetan ezkutatzen dituela poza bera baino unibertsalagoak diren bihotzeko orbanak, beldurrak eta porrotak. Zintzoagoak izan beharko genuke zer moduz gauden galdetzen diguten bakoitzean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak