Iritziak

Iritzia | Hauteskundeen arrastoak itxialdi egoeran

Itxialdiaren hirugarren asteko igandea. Gaur Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde-eguna izan behar zuen, baina Koronabirusaren eraginez azaleratutako krisiak politikan ere eragina izan du. Alderdiek kanpaina hasi zuten, modu apalean bada ere, otsoari belarriak ikusten hasi baitziren. Txinan hasi, Italian azkar zabaldu eta ordurako gurera ere helduta zegoen Covid-19a.

Posta bidezko botoa emateko informazio-orria / Geuria

Aspaldi uko egin zioten kanpainari alderdiek. Hala ere, gure kaleetan agerikoak dira deitutako eta atzeratutako hauteskundeen arrastoak: posta bidezko bozka azaltzeko informazio-orriak edota alderdi bakoitzak bere kartelak jartzeko panelak, besteak beste. Eta etxeetara ere sartu zitzaizkigun hauteskundeak. Alderdiek euren ohiko gutunak bidali ez badituzte ere, errolda-txartelak heldu ziren.

Covid-19aren inguruko informazio kalean bertan / Geuria

Horiek horrela, osasun krisi egoeran, krisi ekonomikoa ere gainean dugu. Batek ez dio besteari lekua utziko, denak batera daramazkigu gurekin, eta luze emango duela ematen du. Hauteskundeen data atzeratzea erabaki zuten alderdiek, eta agerikoa da azken asteotan politikaren hizka-mizkak moteldu direla. Agian ona da komunikabideotan politikaren ohiko adierazpen-trukeak ez ikustea, agian egunotan beharrezkoa den politika egiten ari diren seinale. Izan ere, mugetara eramaten gaituzten egoera hauek gu guztion izaera agerian jartzen dute: nolakoak garen, zein erabaki hartzen ditugun eta zer egiteko prest gauden.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak