Iritziak

Iritzia | Gizarte katodikoari agur

Oraindik gogoratzen dut etxean lehentelebista aparailua erosi genuen egun hura. Orduko izpi katodikoen hodiko kutxa handi bat zen. Nik lau urte nituen eta anai nagusiak zortzi.

Oraindik gogoratzen dut etxean lehen telebista aparailua erosi genuen egun hura. Orduko izpi katodikoen hodiko kutxa handi bat zen. Nik lau urte nituen eta anai nagusiak zortzi. Berak amari erregutu zion elektrotresna berri hura erosteko. Gelako ikaskide guztiek hainbat telebista saiori buruz hitz egiten zioten eta gizajoa galduta zebilen elkarrizketa horietan. Kamioi batean egin genuen osteratxoa Arrankudiagatik Basaurira, han baitzegoen horrelako aparailu berri bat saltzen zuen denda bakarrenetariko bat. Electroconfort izena omen zuen.

Etxean kanal bakarra ikusten zen, VHF delakoa. Ez zegoen UHFa hartzeko estaldura nahikorik. Eta larunbateko marrazki bizidunak ikusi ahal izateko nire amabitxiaren etxera joan behar izaten genuen, Etxebarrira. Han jesartzen ginen Vicky Bikingoa edo Yogihartza bezalako pertsonaiekin gozatzeko, sukaldeko armairuaren azpian ezkutatzen zen Elgorriaga txokolate tableta bat askaltzen genuelarik, jariguayz lagunduta. Irakurle gazteenek hieroglifko moduko bat ikusiko dute aurreko paragrafoetan. Etxeko beteranoen laguntza behar izango dute deszifratzeko.

Gauza bera gertatu zitzaidan niri duela egun batzuk nire lehengusinaren etxean. Hamabost urteko etxeko seme nagusiak bere segapotoaren pantaila ipini zidan begien aurrean. Oilarren batailaz berba egin zidan YouTubeko bideoz lagunduta. Fortnite bideojokoa gobernatzen dituen arauak azaldu zizkidan, nola erosi osagarri berriak eta abar. Lan nekeza nuen nik informazio guztia denbora tarte horretan prozesatzeko.

Sarri leporatzen diegu gure gazteei ezertarako interesik ez dutela. Baina oso gutxi ezagutzen ditugu haien erreferentzia berriak. Gure ohiturak eta baloreak barneratzera behartzen ditugu garai zaharretako hizkuntza erabilita. Ulertzen ez dugun mundu berri bat zeharo arbuiatzen dugu lehen galbahea pasatu aurretik. Ez gara konturatzen hodi katodikoari itsatsita jarraitzen dugula oraindik eta horrela gizarte kaotiko bat sortzen ari garela.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak