Iritziak

Iritzia | Kalanbreak

Urtean behin pitin bat desfasatzeak ez didala minik egingo pentsatu dut. Eta desfasatzea diodanean 3 kalimotxo edatea esan nahi dut, bai hiru, besterik ez.

Basauriko jaietan, urtero legez, kuadrillako neskok elkartzekoak gara. Urtean behin pitin bat desfasatzeak ez didala minik egingo pentsatu dut. Eta desfasatzea diodanean 3 kalimotxo edatea esan nahi dut, bai hiru, besterik ez. 10 bat urte izango dira azkenekoz mozkortu nintzenetik eta azkenekoetan, ama naizenetik, limoidun garagardozale bilakatu naiz.

Gaua ondo doa, primeran pasatzen ari gara baina goizeko ordu batetan, nekatuta eta etxeko txikiak goizean su-etenik emango ez didala buruan bueltaka dudala, etxera joatea erabaki dut. Hurrengo egunean gogoz esnatu naiz, familiarekin batera gosaltzeko asmoz, baina handik eta ordubetera beherakada etorri zait: burukomina, nekea, goragalea… Posible al da? Goizeko paseotxoa bik baino ez dute eman. Lur jota nago.

Egoerak ez du hobera egin eta, ofizialki, gaixorik nago, sukar-sentsazioa nire sintomen zerrendara gehitu da. Baina ‘zomorroa’ barruan nuen parrandan atera baino lehen edo kalimotxoen ondorioz gaixotu naiz? Zer izan da lehenengo, arrautza edo oiloa? Batek daki!

Sofan etzanda topatu naute eta mutilak Gozategiren abesti baten esalditxo ezagun bat eskaini dit, alegiazko trikitrixa eta guzti: ‘Azkeneko coca-colak kalte egin ote zidaaaaan, tiriririii’. ‘Eskerrik asko laztana, horixe behar nuen”, esan diot nire aurpegi zargalduarekin. ‘Askotan kantatu didazu zuk niri, mendekua hartzeko une aproposa dela uste dut’, erantzun dit barrezka.
Hurrengorako bi aukera ditut: nire gorputza ‘desfaseetara’ ohitzen hastea edo besteek zurrakapotea edaten duten bitartean nik muztioak eskatzea. Ajeak astebete iraun du nire erraietan, neure buruaz erruki naiz. Zergatik ez dut Eskarabillerarenarekin batera neurea ere gora bidali?

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak