Iritziak

Iritzia | Kea darit

Erretzaileok eta gizenok gure buruaz beste egiten dugu (in-)kontzienteki. Industriak kontzienteki erailtzen gaitu.

Aste honetan entzun dut gaur egun kutsadurak dagoeneko tabakoak baino heriotza gehiago eragiten dituela munduan. Laster etxe guztietako atarietan tabako kutxatiletan agertzen diren bezalako argazki beldurgarriak jarriko omen dituzte. Kalera irteten zarenean “Adi! Arrisku-eremu batean sartzen zara” leloaz ohartaraziko digute herri guztietako administrazioek.

Aitortu behar dut ni erretzailea naizela. Erretzaile moderatutzat daukat nire burua, egunean hiru zigarro erretzen baitut. Kontzientea naiz horrek nire osasuna kaltetzen duela. Hala eta guztiz ere, momentuz ez daukat inolako asmorik erretzeari uzteko. Jatordu bakoitzaren osteko zigarroak plazer handia ematen dit. Eta horregatik amorratzen nau administrazioak erretzaileon gainean ezartzen duen gainpresio hori. Tabakoaren zergen etengabeko igoeraz gain, zenbait forutan planteatu izan da erretzaileok koste gehigarri bat ordaindu beharko genukeela sortzen omen ditugun osasun-gastu handiagoak konpentsatzeko. Behin eta berriro gobernuek errua kontsumitzaileari leporatzen diote.

Obesitatea ere mende honetako izurritetzat hartu dute adituek. Osasun-sistemari ere gastu handiak eragiten dizkio. Hala eta guztiz ere, tabako-kutxatila batek balio duen diru-kopuruaz bost McBurger erosi ditzaket. Askozaz merkeago pozoitzen ditut nire arteriak nire birikiak baino. Baina janari azkarreko industriaren etekinak etengabe hazten dira urtez urte. Ez dute aparteko zergarik ordaintzen kardiologoen itxarote-zerrendak kolapsatzeagatik. Gure artikuluaren hasierara bueltatuz, Txina eta Estatu Batuak munduko ia CO2-ren isurpenen erdiaren arduradunak dira. Eta Kyotoko protokoloaren araudia ez dute errespetatzen. Ez dute herrialde horiek merezi, gutxienez, guk jasaten ditugun presio ekonomikoa eta morala? Erretzaileok eta gizenok gure buruaz beste egiten dugu (in-)kontzienteki. Industriak kontzienteki erailtzen gaitu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak