Iritziak

Iritzia | Kultura-etxe berria: emakume izena

Arrigorriagako Urruma talde feministatik gure kezka azaldu nahi dugu, herriko politikarien artean maila asko jaitsi baita politika feministekin lotutako eztabaidetan.

plazako eraikin zaharberrituari Edurne Garitazelaia izena jartzea erabaki zuten // Geuria

Arrigorriagako Urruma talde feministatik gure kezka azaldu nahi dugu, herriko politikarien artean maila asko jaitsi baita politika feministekin lotutako eztabaidetan.

Eztabaidagaia ez litzateke izan beharko izena eraikin osoari edo gela bakar bati jartzea. Izena aukeratzea eta prozesua modu parte-hartzaile eta adostuenean egitea izan beharko litzateke garrantzitsuena; izan ere, gela bakar bati emakume izena jartzea, eraikin osoari beharrean, emakumeen garrantzia bigarren plano batean uztea da.

Eraikin ospetsu askok (Kursaal, Artium, Azkuna zentroa…) ez dute inolako nahasmenik eragiten herritarren artean, eta mundu guztiak daki zer zerbitzu eskaintzen duten; beraz, zergatik izendatu behar dira Arrigorriagako eraikinak ematen zaien erabileragatik baino ez? Gainera, ez dakigu gai honek zergatik sortu duen horrenbeste zalaparta.

Dirudienez, inoiz ez da momentu ona emakumeak bultzatu eta ikusarazteko, ez eraikin izenetan ezta kale izenetan ere. Inoiz ez dago lehentasunen artean, lan handia eman edo arazoak sortzen “omen” dituelako. Gure ustez, borondate falta nabaria dago horren atzean.

Arrigorriagan berandu gabiltza auzi honetan. Bilbon, kale berriei emakumeen izenak jartzea erabaki dute; gainera, oroimen historikoaren legea hausten duten kaleen izenak ere aldatu dituzte. Gasteizen kasuan, Martxoak 8 etorbidea izena hartu du Juan Karlos I.a etorbidea zenak, eta inor ez da eskandalizatu.

Apirilaren 5ean Deia egunkarian argitaratu zen artikulua irakurrita, ondoriozta daiteke arazoa alderdi politikoek adostasunak lortzeko ezintasuna dela. Horrekin batera, artikulu horretan Berdintasun Kontseiluan parte-hartze eskasa dagoela iradoki zen. Idatzi hau aprobetxatu nahi dugu interesa duen edozein emakume Berdintasun Kontseiluan izena eman eta bileretan parte hartzera animatzeko.

Martxoko bileran, plazako eraikin zaharberrituari Edurne Garitazelaia izena jartzea erabaki zen. Parte-hartzea oso zabala izan zen, bertan izan baitziren Madalen, Loturarik Gabe eta Zubietxe taldeetako kideak, Arrigorriagako alderdi politikoetako kideak eta maila pertsonalean joandako zazpi emakume, gutxienez. Kontseiluak proposamena aho-batez onartu zuen. Beraz, argi geratzen da erabakia guztiz gardena, parte-hartzailea eta adostua izan zela.

Ezin dugu ulertu alderdi politikoek Berdintasun Kontseiluan ekarpenik ez egitea, baina aldi berean haien proposamenei kasurik egiten ez zaiela aldarrikatzea. Ez al da kontseilu hau gobernu taldearen, alderdi politikoen, elkarteen eta herritar guztien topagunea?

Jar dezagun arreta benetan garrantzitsua den horretan. Adostasun zabala dago kultura-etxeari Edurne Garitazelaia izena jartzeko erabakiari dagokionez, eta herriko kaleek emakumezko izenak hartzeko beharra argi ikusten da.

Ez da denbora alferrik galtzeko momentua. Feminismoak fronte ireki ugari ditu. Gai “sinpleagoak” izan beharko liratekeenek horrenbesteko zarata eta eztabaida sortzen baldin badute, eta horrenbeste denbora behar bada irtenbidea aurkitzeko, zer gertatuko ote da hezkuntzaz, sexualitateaz edo biolentziaz aritu behar dugunean!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak