Iritziak

Iritzia | Basaurik zerbait hobea merezi du

Duela gutxi MercaBilbaoren lekualdaketaren berri izan dugu, Basauritik alde egingo duelarik. Gure udalerritik kanpo hartzen den beste erabaki estrategiko bat eta, are okerragoa dena, haren interesak kontuan izan gabe hartutako erabakia. Azken hau eguneroko ogi bihurtu izanak larritasuna gehitu besterik ez dio egiten gai honi.

“Merca”-ren kasu zehatzean, hainbat kontuk kezkatzen gaituzte. Alde batetik, erakundeek Basauriri dagokionez izan ohi duten modus operandia daukagu, lekualdaketarena aspalditik aztertzen ari den aukera bat baita (norabide hori aztertzen dituzten 2020ko maiatzeko eta iraileko txostenak daudela jakin badakigu) eta horri buruz galdetu izan dugu duela gutxi ospatutako Osoko Bilkura batean, erantzunik jaso gabe. Aldiz, mugikorreko mezu baten bitartez izan genuen lekualdaketaren behin-betiko erabakiaren berri, Ortuellan eraikiko den Nekazaritza Elikagaien Polo berriaren aurkezpen egunean bertan, hau hasi eta ordubete geroago. Azken batean, alderdi eta erakunde jakin batzuek sistematikoki erabiltzen duten iluntasunaren beste adibide bat.

Basauriko EAJ-PSE gobernu taldeak ez al zuen ezer ezagutzen? Ez al zuen uste informazio hori garrantzitsua zela Basauriko herriarentzat? Ez al zitzaien komenigarria iruditu, gu ere basauriarren ordezkariak garen heinean, gainerako udalbatzarekin partekatzea? Uste al dute gai estrategiko hau WhatsAppeko mezu soil batekin bideratu daitekela?

Bestalde, azpimarratu beharra dago MercaBilbao dela udalaz gaindiko interesa duen azpiegitura guztietatik (eta herri honetan horrelako asko ditugula) Basauriri balio erantsia ematen dion bakarra, bai udal-kutxen diru sarrerei dagokienez (300.000 € inguru urtean), bai toki-mailako enpleguarekiko duen eragin zuzenagatik (1.200 lanpostu zuzen). Printzipioz, argi dago enplegu hori ez dela suntsituko, lan-postu horiek beste udalerri batera lekualdatuko baitira; baina aldi berean eta neurri handi batean, ezin da ukatu Ortuellako Nekazaritza Elikagaien Poloko enpresek kontratatuko dituzten langile berriak inguru hartakoak izango direla, hemen azken 50 urteetan gertatu den bezala. Gainera, pertsona dezentek, tartean Basauriko jendea, ebentual moduan lan egiten dute inplikatutako enpresetan, gaur egun ez dagoelarik jarraikortasun bermerik kasu hauentzako.

Egun bakar batean 60 enpresa inguruk eta 1.200 lanpostuk ihes egingo dutela iragarri da eta, horren aurrean, Basauriko alkateak esan duen bakarra zera izan da: ez dela enplegua suntsitzen, baizik eta hogei minutura lekualdatzen direla lanpostu horiek (errealitateari kasu eginez hogeita bost minutura esan beharko dugu, beti ere kotxea izanez gero) eta “Merca”-koak jarduera ekonomiko berria erakartzeko aukerako lurzoruak bilakatuko direla. Hori bai, azken baieztapen honen atzean inolako ziurtasunik dagoenik, ez, dagoen bakarra “instituzioek jarduera ekonomikoa erakartzeko lanean jarraitzen dutela” esaldi borondatetsua da. Interneten baten batek zioen bezala, lur horietan zabortegi bat edo bigarren kartzela bat jartzea besterik ez zaigu falta…

Gobernu taldea sostengatzen duten alderdiek ez al dute uste erabaki hori Basauriren interesen kontra doala, behintzat MercaBilbaoren joana konpentsatuko duen benetako alternatibarik ez dagoen bitartean? Ez al dute uste gai honekin Basauri berriro kaltetuta ateratzen dela?

Enpresen ihesak eta udalerrirako inolako alternatiba ziurrik lotu gabe emango den lanpostuen galerak dakartenaz gain, benetan sumingarria da Basauri berriz ere gutxietsia izan dela ikustea eta, dirudienez, Basauriko Udaleko gobernu-taldean inor ez dago prest herri honen interesak behar bezala defendatzeko, ez behintzat horretarako planto egin eta sistematikoki gutxiesten gaituzten erakundeak zuzentzen dituzten alderdikideei aurre egin behar badie.

Lapatzako AHTaren “behin-behineko” geltokiaren iragarpenarekin, Sarratuko geltoki (ez) intermodalarekin eta, orain, kasu honekin konprobatzeko aukera izan dugu. Basauriko Udaletik inork ez du ahotsa altxatzen eta ez du presio egiten hori aldatzeko. Duela hilabete batzuk, osoko bilkura batean, alkateak bide horri heldu zion Basaurik horrelako auziren bat irabazteko garaia zela esanez eta horretan buru-belarri saiatuko zela. Ikusten dugu zertan geratu den asmo hori, batek daki ia “Basaurira jarduera ekonomikoa erakartzeko erakunde ezberdinen ahaleginak” gauza berean geratuko ote diren.

Dudarik gabe, Basaurik zerbait hobea merezi du.

EH Bildu Basauri

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak