Iritziak

Iritzia | Molestatu egiten badizue ere, kaleak hartzen jarraituko dugu

Maiatzaren 15ean izan zen Emakumeon I. Herri Korrikaldia Basaurin // Marienea

Duela hilabete eskas Marienea Emakumeen Etxearen 10. urteurrena ospatu genuen. Pozik eta harro gaude lortutakoaz, etxe hori posible egin duten pertsona guztien lanaz, Marienea feministak sortzen dituen fabrika izateaz. Polita izan da atzera begiratzea eta bertan bizi izan dugun guztia gogoratzea. Polita izan da ere Marieneak beti izan duen izaera irekia. Beti jakin izan dugu etxe arrosa honetan aldarrikatzen genuen guztia kalera eraman behar genuela. Horregatik erabaki genuen Basauriko emakumeen lehen korrikaldi herrikoia ospatzea, Marieneako Korrikalariak taldeari esker.

Baina, dirudienez, pertsona batzuei ez zitzaien hain ondo iruditu ehun bat emakume kalera ateratzea eta korrika edo oinez danak batera ibiltzea. Kaleak gureak ere badirela aldarrikatzea. Lasterketaren egunean, gutako askok jasan behar izan genituen oinezko batzuen iruzkin desatseginak; gertatzen ari zena animatu eta ospatu beharrean, gure gorputzen itxura epaitu edo gure korrika egiteko modua kritikatzeko eskubidearekin sentitu ziren. Hori nahikoa ez bazen, Udaltzaingoak gurekiko izan zuen jokabidea ez zen espero genuena izan. Aurrean gindoazenei geldiarazi egiten gintuzten eta atzean gindoazenoi presa sartu; azkenak geratzen ari ginenoi espaloitik joatera gonbidatu gintuzten. Lasterketa erritmoa haiek markatu nahi izan zuten denbora guztian. Kotxeen zirkulazioaren arabera hau geldituz. Birritan motorrean zihoan udaltzainari esan zitzaion denboraz ondo gindoazela eta ez genuela gurea ez zen beste erritmo bat markatzearen beharrik. Gizonen lasterketa bat izango balitz, berdin jokatuko zenuten? Ausartuko zineten lasterketaren erritmoa gelditzera?

Ez dugu onartuko gurekin jarrera paternalistak izatea. Kalera ateratzen eta hauek okupatzen jarraituko dugu: batzuetan oihu egiteko, beste batzuetan korrika egiteko, beste batzuetan dantzatzeko. Eta, jakina, galtza luzeak, galtza motzak, hankak erakutsi edo guk nahi bezala estaliko ditugu.

Eskerrik asko lasterketan Basauriko kaleak okupatzen ausartu ziren emakume horiei guztiei. Datorren urtean gehiago izango gara. Gora Borroka Feminista eta Gora Marienea!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak