Iritziak

Iritzia | Ospitalerako metroaren gazi-gozoak

Azkenik, bazen garaia! Urte luzez aldarrikatutako azpiegitura bat garatzeko lanak gertu hasiko direla iragarri da eta gainera, ohikoa ez bada ere, herri mailan eragile eta alderdien gehiengoaren adostasun historiko zabalak bildu izan dituena: Ospitalerako metroa eta Sarratuko geltoki intermodala errealitate bilakatuko da.

Baina distira guztiak ez dira urre eta proiektua aztertzerako orduan agerian geratu da Basauriren ikuspegia, honen beharrak eta interesak ez direla kontutan izan berau diseinatzerako orduan. Aipatzen dudan hau nahiko argi geratu zen martxoan ospatutako Udalbatzan, non azpiegitura honekin lotutako proposamen ezberdinak aurkeztu eta eztabaida sakona garatu zen. Badirudi, behintzat, diagnostikoa partekatua dela alderdi ezberdinen artean: azpiegitura honen diseinuak gabezia larriak ditu eta ez ditu inondik inora asetzen Basaurik dituen beharrak.

Hasteko, Sarratuko geltokia, urteetan horrela saldu bada ere, ez da geltoki intermodala izango. Ez da beste garraiobide motekin inolako konexiorik aurreikusten, ez Bizkaibusekin, ez bizikletentzako azpiegiturekin, ezta kotxeentzako disuasio-aparkalekurik, beraz, hainbatetan entzundako eskualdeko garraio-nodorik ez dugu izango Basaurin.

Horrez gain, agian gabeziarik lazgarriena zera da, ez duela lotura zuzenik izango L2 lerroarekin, hots, gaur egun Ariz eta Basauriko geltokietara heltzen den metroarekin. Honek milaka eta milaka basauriarrentzat Ospitalera joateko nahaspila suposatuko du, zeren eta Sarratun bertan metroa hartzerik ez baduzu eta Basauriko beste bi geltokietan hartzen baduzu, Etxebarriraino joan beharko zara, bertan nasaz aldatu beste metro batera igotzeko, Sarraturaino itzuli, Sarratun berriz ere nasaz aldatu eta orduan bai, orduan Ospitalerako metroa hartzeko parada izango duzu. Ginkana galanta!

Eta azkenik, antzemateko zailena den gabezia ageri zaigu, udalerriko etorkizun estrategikoan funtsezko eragina izango duena: azpiegitura honek ez ditu merkantzia trenak beregain hartuko. Hortaz, Basauri zeharkatzen duten merkantzia trenbideak ezabatzeko aukera paregabe eta seguruenik errepikaezina galduko dugu eta beraien eragiten dituzten arazo eta ondorioak sine die pairatzeko arrisku larrian aurkituko gara, hala nola, trenek beraiek eragiten dituzten soinu-kutsadura arazoak mantentzea, Kareagako, Arizeko eta Urbiko trenbide-pasaguneak betikotzea, Pozokoetxe-Sarratu eta Larrazabal-Baskonia Basauriko etorkizuneko garapenarekin lotutako eremu estrategikoaren arteko orbaina iraunaraztea edota herriaren eta herritarron probetxurako lursailak berreskuratzeko parada galtzea (trenbide eremua bera, Kantabria parkeko inguruneak…). Proiektuaren gaur egungo diseinuak aukera historikoa galtzera kondenatzen gaitu, ia ezinezkoa izango litzatekeelarik etorkizunean mota honetako beste aukeren batekin topo egitea, azken hamarkadetan gertatutakoari baino ez baitzaio begiratu behar arazo hauei irtenbidea emateko borondate handirik egon ez dela ondorioztatzeko…

Gure herria berriz ere galtzaile eta basauriarron behar eta interes estrategikoak gutxietsita.

Eta orain zer? Ze irtenbide emango diogu honi? Bi hautabide gure aurrean: etsi, proiektua dagoen moduan utzi eta batek daki noiz arazoei partxe ezberdinen bitartez irtenbidea emango zaienaren fedeari eutsi edo arazoak errealitate bilakatzea saihesteko beharrezkoak diren diseinu aldaketak planteatu. Basauriren interesak beste guztiaren gainetik jartzeko eta herritar eta eragile guztion artean norabide berdinean bultzatzeko garaiz gaude.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak