Iritziak

Iritzia | U29 Bilbora!

Kapitalismoari berezkoak zaizkion krisi garaietan, langileon bizi baldintzak okertu egiten dira. Pobreak direnak pobreagoak bihurtzen dira, klase ertainekoak pobre izatera igarotzen dira, eta burgesiak gero eta irabazi gehiago lortzen ditu besteen pobretzeari esker. Honi proletarizazio prozesua deritzogu. Prozesu honen ondorioz, gure bizi kalitatea kaxkartzen doan heinean, enpresari handiak eta bankuak aberasten jarraitzen dute. Honen aurrean, langileria babesgabe geratzen da, eta are gehiago, gazteria. Gazteok, langabezira, lan baldintza prekarioetara, aldi baterako lanetara, praktiken aitzakipean egindako soldata gabeko lanetara, emantzipaziorako zailtasunetara eta bestelako ankarkerietara kondenatuta gaude. Datuek bere kabuz hitz egiten dute, izan ere gazteon enplegarritasun tasak behera egin du % 45 2007an batetik % 21 batera 2020an; 2011an 35 urteko hamar gaztetik zazpi emantzipatuta zeuden, 2017an, berriz, hamarretik lau; gero eta gutxiago kobratzen dugu egiten dugun lanagatik, hala nola 18-29 urte tartekoek 2013an bataz beste 1.215 euro kobratzetik 2019an 1.185 euro kobratzera igaro dira, eta 30-34 urte tartekoek, 2013an bataz beste 1.513 euro kobratzetik 1.446 euro kobratzera. Gainera, lan baldintzen okertze orokortuarekin batera bizitzaren garestitzea bizitzen ari gara. Izan ere, inflazioa ia % 6ra igo den honetan, gasolinaren, argiaren, oinarrizko produktuen prezioen igoerak ere gora eta gora jarraitzen dute etengabe.

Bestalde, pandemiaren testuinguruak gure oinarrizko eskubide kolektiboak urratzeko aukera aproposa eman du, zeinean gure bizitzaren gaineko kontrola eta kriminalizazioa normalizatu egin diren. Horien adibideak etengabe ikusi ditugu, mobilizazioaren debekua, etxeratze agindua, kobid ziurtagiria, eta bestelakoak. Langileontzako aisialdirako esparruak guztiz mugatu dituzte, enpresari handiei mesede egiten dieten beste esparruak ez dira hainbeste jazarri; hala nola, lantokiak eta lanera joateko garraiobide publikoak. Kontzientzia eta erantzukizun indibidualaren azpimarratzea baino besterik ez da eman, pandemiak sistemaren arazo estrukturala agerian utzi duelarik, horren adierazgarri, osasungintza sistemak jasandako kolapsoa, horren inbertsio faltak eragindakoa.

Deskribatutako egoera burgesiaren ofentsiba ekonomiko eta politikoaren ondorio bezala ulertzen dugu. Izan ere, bere interesen aldeko neurriak baino ez dira inposatu, eta politikariek gure bizitza hobetzeko promesak egiten ahoak betetzen dituzten bitartean, gero eta egoera okerragoan murgiltzen ari gara gazteok. Itxaropen horiek fartsa bat baino ez direla uste dugu, benetako irtenbide bat burutzearen ezintasuna erakusten dutenak.

Guzti honen aurrean, beharrezkoa iruditzen zaigu kapitalismoak betikotzen duen egoera hau salatzea eta horri aurre egitea. Horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu gure indarrak batzea eta antolatzea, bakoitzaren indibidualtasunetatik at, guztion interesak kontuan hartuko dituen sistema bat eraikitzearen alde. Izan ere, kapitalismoari aurre egin diezaiokeen alternatiba bakarra langileriaren antolakuntza independientea eraikitzea dela uste dugu. Horregatik, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deitutako manifestaziorako deia zabaltzen dugu, urtarrilaren 29an 18:00etan Bilbon.

 

Jone Galindez
Hego Uribeko Gazte Koordinadora Sozialista

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak