Iritziak

Zu bezalako gehiago

Martxoaren 14a. Goizeko 9:30ak. Orgatxoa hartu eta La Basconia zubiaren ondoko Eroskira noa larunbatero moduan. Gaztetxearen parera iristerako ikus dezaket kanpoaldean jende ilara, sekula ez bezala. Supermerkatura sartu, behar dudana hartu eta banoa kutxara.

Nire aurrekoak erositakoa poltsetan sartzen amaitu duenean nireak zintan jartzen has ote naitekeen galdetzen diot kutxan dagoen neskari. “Ez, oraindik ez!”. Nire aurrekoak ordaindu eta poltsak eskuan igogailuranzko bidea hartzen duenean, erositakoa orgatik ateratzen hasteko esaten dit. “Baina zoaz atzerago!”.

Neurrigabeko erosketen egunak / Geuria

Erositakoa poltsetan sartzen hasi naiz. Tarte batez isilik egon ondoren, begirada jaso, irribarre egiten saiatu eta etxean zelan gauden galdetzen dit. Ondo gaudela erantzuten diot, mila esker, eta ea bera zelan dagoen. Izugarrizko tentsioa daukatela. Oso dezepzionatuta dagoela jendearekin. Zoroen pare ari direla erosketak egitera etortzen. Orga goraino betetzen dutela, parean harrapatutako guztia eramaten dutela eta beraiei laneguna bukatutakoan ez zaiela ezertxo ere gelditzen etxera eramateko. Adinekoak binaka etortzen direla kasu askotan, paseora joango bailiran, eta ezin dutela halakorik egin. Tentsio izugarria daukatela. Jendearekin oso dezepzionatuta dagoela.

Etxera bueltan pentsatu dut munduan bera bezalako gehiago baleude ez litzatekeela jendearekin hain dezepzionatuta egongo. Esan egin behar nion. Ea datorren larunbatean bera tokatzen zaidan berriz ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak