Azaroak 25a Emakumeenganako Indarkeria Desagertzeko Nazioarteko eguna izatea ez da inolako garaipena, ez eta ezer positiboren iturri. Arrazoia agerikoa eta sinplea da: alde batetik, egutegian markatu behar bada, emakumeenganako indarkeria existitzen delako da. Eta beste alde batetik, oraindik indarkeriaren alorrean kontzientzia hartzeko lana egin behar dela islatzen du.
Argi eta garbi, kontzientzia hartzeko lan horrek izen bat dauka: heziketa. Heziketaz ari naizenean, eraikitze eta deseraikitze prozesuetaz ari naiz. Eraikitze prozesuari dagokionez, txikitatik inguratzen gaituen kulturaren ezaugarri hegemonikoek, hau da, indartsuenak eta hedatuenek, gugan duten eraginarekin lotzen da. Deseraikitzea, ordea, kontrakoa da. Hots, ikasitakoa eraitsi eta transformatzea. Baina horrek, gizartea aldatzeko helburuarekin jaiotzen den jarrera aldaketa izateaz gain, lana, buruhausteak eta sufrimendua dakar. Sufrimendua gizarteak normala bezala definitu duenaren kontra egitea delako.
Eraikitze prozesua oso argi azaldu zuen Joseba Azkarraga soziologoak hainbat urte atzera Berria egunkarian idatzi zuen ‘Tigreak edo tigresak’ iritzi artikuluan. Horretan azaldu zuen nola haurrak ziren neskato eta mutikoari hitzen bitartez botere eta sumisio rollak irakasten zitzaizkien. Mutikoari tigre deitzen zioten gurasoek: boteretsua, beldurrik gabekoa, ausarta. Neskari printzesa: sentibera, ederra, maitasun erromantikoan errotua. Etxekoaz gain, identitatearen eraikuntzan egunero adoktrinatzen gaituzte informazioaren bitartez. Izan daiteke marrazki bizidunetan, telesailetan, literaturan… hamaika bide daude. Burura datorkidan adibide garbiena soilik emakumeek iragartzen duten laktosarik gabeko esnea da. Emakumeok bakarrik al dugu intolerantzia?
Deseraikitze prozesuari esker, botere eta sumisio rollak desagertarazi daitezke. Pierre Bordieuk azaldu zuen biolentzia sinbolikoa zer den ere uler daiteke, eta ekintza horiek identifikatzen has gaitezke. Hau da, fisikoki min egin barik gure burua mintzeko besteek gauzatzen dituzten ekintzak ulertu.
Azken horretan dago giltza, hots, rollen deseraikitze prozesuan. Heziketan. Gustatuko litzaidake azaroak 25 dituenean Emakumeenganako Indarkeria Desagertzeko Nazioarteko eguna ospatu ordez, Berdintasunaren Garaipen eguna ospatuko bagenu.
