Aski jakina da, guk, gurasook, geure eskuetan dugula seme-alaben hezkuntza. Baloreak eta mugak erakusten dizkiegu txikitatik, gure irakaspenek etorkizuneko gizon eta emakume apartak egingo dituztelakoan. Horrela, gure esku dago haiei geure hizkuntza transmititzea, euskal kulturan heztea, hezkidetzan oinarritzea, irakurtzeko zaletasuna sustatzea eta jolastea.
Baina ezin da ukatu gure seme-alaben hezkuntza, ikastetxeetan osatzen dela. Horregatik, hanka-sartze itzela izango litzateke gurasook beraien hezkuntza ibilbidean parte ez hartzea, guk horretan ere esateko asko daukagu eta.
Gure seme-alaben ikastetxearen parte izan behar dugu, eskola komunitate osasuntsua osatuz, eta nahi dugun hezkuntza sistema, antolaketa eta kudeaketa demokratiko eta parte hartzailea eraiki.
Bide horretan jartzen dizkiguten oztopoak gainditzeko ere funtsezkoa da elkarlana. Zergatik ez? LOMCE legea eta Heziberri markoa gainean ditugu: lehena bigarrenaren bizkarrezurra da eta orain dela 40 urteko hezkuntzara eraman nahi gaitu, ikaslearen garapena kontuan ez duen hezkuntza batera. Lege horren ostean beste bat etorriko da eta gero beste bat… Hori nahi dugu gure seme-alabentzat? Gure seme-alaben ibilbide akademikoa kanpoko eragileen esku utziko dugu?
Gure seme-alaben hezkuntzan parte hartzeko, ikastetxeetako guraso elkarte edota eskola kontseiluetan egin dezakegu lan, baita gure hezkuntzaren aldeko ekimenetan ere. Gure herrian geure hezkuntza eraiki dezagun!
Arizko Ikastolako eskola kontseiluak ARIZKO IKASTOLAN GURE HEZKUNTZA ERAIKI izeneko lantaldeak aurkeztu zituen proposamen guztiak onartu zituen. Irakasleak eta gurasoak elkarrekin argi adierazi nahi dugu ez dugula LOMCErik nahi, ezta antzekorik ere, eta gure hezkuntza eraiki nahi dugula. Zuek ere zuen ikastetxeetan bide bera erabil dezakezue eta denon artean LOMCErik gabeko Basauri lortu. Gure seme-alaben hezkuntzarako denbora atera behar dugu!
