→Arrigorriaga

Hausnarketa | Nahiago nuke oker egon

Bruno Oliveira / Unsplash

Gizakiak mundua berarena dela erakutsi nahi izan du urteetan zehar, jabetza eder, baliotsu eta misteriotsu bat, baina jabetza bat azken finean. Planeta gure zerbitzura dagoen mendeko bihurtzen saiatu gara, gizakiaren kontsumorako beste produktu bat balitz bezala. 2020.urte hasieratik hedatzen hasi den Covid-19aren pandemiak, ordea, ustekabean harrapatu ditu goi mailako aditu eta agintariak. Bat-batean konturatu gara, kontrolpean zegoela uste genuen naturaren eraginpean gaudela gu ere, hierarkia hori aldatu egin da gure begien aurrean. Segurtasun ilusioa eragiten zuen kontrol hori galtzeak izua zabaldu du gizartean, bai heriotzari eta baita mundu mailako etenaldi honek izan ditzakeen ondorioei dioguna ere. Hein batean, gerraren edo frankismoaren biktimek bezala?, bigarren pandemia bati beldurrez biziko gara honetatik ateratzean, ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egin behar izateaz gain. Egoera honetan normaltasun berri horretara itzultzerakoan zer aurkituko dugun galdetzen diot neure buruari edo hobeto esanda etorkizuna haien eskuetan duten pertsonengan fidatzen naizen.

Galdera horren aurrean John Grayren erantzuna “Why this crisis is a turning point in history” artikuluan, argia da “bizitzen ari garen krisia inflexio puntu bat da historian” eta beraz, honen osteko mundu berria guztiz ezberdina izango da, globalizazioa geldiezinarekin bukatu eta gizakia bizitza oraindik birtualago eta zatikatuago batera bultzatuko duena. Estatu batzuek krisiari aurre egiteko gaitasuna izango dute eta beste batzuek ordea porrot egingo dute, birusari aurre egitearen eta ekonomia mantendu beharraren presiopean. Herrialdeek, kapitalismo liberalaren ahultasuna frogatu denez, globalizazioa baztertu eta politika protekzionistagoak burutuko dituzte, eta osasunerako eta oinarrizko beharretarako produktuak estatuan bertan produzitzen hasiko dira, horrelako egoerei aurre egin ahal izateko. Azken finean, Grayk kooperazio internazionala ipuin erakargarri baina faltsu bat dela deritzo, eta krisitik irtetea estatu bakoitzaren “desglobalizazoari” egokitzeko gaitasunaren araberakoa izango dela, Ekialdeko Asia egoera honetatik garaile aterako delarik. Apokaliptikoa deitu daiteke, filosofo honen iritzia, ezagutzen dugun munduaren aldaketa handi bat proposatzen duelako, non kapitalismo liberalak behingoz porrot egingo duen, azkenean bere hauskortasuna erakutsi duelako. Hala ere, azken urteetako historiari erreparatuz gero eta 2008an irekitako zauria oraindik itxita ez dagoen honetan, zaila egiten zait pentsatzea, berriro ere abiadura hartzeko atzerapauso bat (handia bada ere) soilik ez dela sinestea.

Walden Bellok “El Mundo después del coronavirus: el impulso es hacia una sociedad postanticapitalista” artikuluan John Grayrekin guztiz bat egiten ez duen arren, Covid-19aren ondorengo joera mundu postkapitalista baterantz bideratuta dagoela uste du. Soziologo horrek, 2008ko krisiak sistema kapitalistaren indar objektiboa eraso zuela uste du, eta oraingo honek berriz iritzi publikoa esnarazi duela, jada arriskuan zegoen sistema ekonomikoaren zilegitasuna kaltetuz. Haserre, sumin eta segurtasun-gabezia gehiegi dago eta muturreko eskuinak eta ezkerrak soilik dute egoera hau aprobetxatzeko aukera. Ez da lehen aldia muturreko egoeren aurrean polarizazio politikoa gertatzen dena. Aurreko krisian zehar mundu osoan ikusi zen muturreko eskuinaren indartzea, haserre eta galduta dagoen jendeari erantzun erraz eta zuzenak eman dizkiona, naziek judu, homosexual, ijito eta abarrekin egin zuten bezala, “errudunak” seinalatuz. Haien nahigabea enfokatzeko itu bat eskaini diete pertsonei, Bellok dioen bezala: ezkerra atzean geratu da estrategia politikoan eta lider karismatiko eta probokatzaileenak batez ere eskuinean daude, Donald Trumpen eta Santiago Abascalen kasuan ikus daitekeen bezala. Kapitalismoaren eta merkatu librearen sisteman jarraitu ala ez, muturreko eskuinak aukera paregabea izango du zorigaitz hori guztia haren helburu autoritarioetara bideratzeko. Desglobalizazio prozesuarekin hasten bagara ordea, Grayk ez bezala, Bellok ekonomia nazionalean zentratuta legokeen, baina komunitate internazionalaren lankidetzaren alde egingo lukeen sistema batean sinesten du, bi kontzeptu horien arteko oreka lortzeko asmoz.

Desglobalizazioa eragingo duen aldaketa handi horren antitesia da Mari Carmen Gallastegiren iritzia, “globalizazioaren joerak atzera egingo duela pentsatzea ameskeria” dela uste baitu “Balkoitik balkoira ekonomiaz” artikuluan adierazten duen bezala. Grayk igartzen duen banaketaren aurrean, ekonomialariak lezioa ikasi duen mundu bat sortuko dela deritzo, pertsonen eta herrialdeen arteko elkartasunean oinarritua eta oraindik harreman estuagoak izango dituena. “Zoriontsuagoak” izan diren garaietara itzultzeko helburuarekin elkartuko omen da gizartea eta horrela sektore ezberdinen arteko elkarlana sustatuko da. Denborarekin politika neoliberalek aurrera jarraitu arren, sektore publikoa indartuko dela uste du Gallastegik, bizitako egoera latzaren ostean garrantzitsua zer den argi edukiko dugulako.

Miren Etxezarretak dioen bezala “nahiago nuke oker egon” baina, eszeptikoa naiz Gallastegik aurkezten digun munduaren etorkizun positibo horren aurrean. Nire bizitza laburrean ikusi dudanak argudio gisa asko balio ez duen arren, zaila egiten zait elkarlan altruista horretan sinestea, eta krisi honetan sufrituko dutenak betikoak izango direla susmatzen dut. Enpresak eta entitate finantzarioak aurrera aterako dira, agian galera batzuekin, baina hala ere estatuak zein Europar Batasuna arduratuko dira horiek altxarazten eta berriro ere martxan jartzen. Hasieran kapitalismoaren bizikletak gurpiltxo laguntzaileak beharko ditu agian, baina egoera berri honetara egokitu bezain laster beti bezala jarraituko du aurrera. Krisi hau ez dute beraiek pairatuko, langabezian geratuko diren, heriotzen oinazea jasan behar izan duten eta aurreko egoera “normal” horretan jada kale gorrian bizi ziren edo hilabete amaierara heltzeko zailtasunak zituztenek baizik. Agian errealitate berri bat etorriko zaigu, baina zoritxarrez gizartearen hierarkia hori ez da aldatuko. Ekaitza ez da birusa garaitzean amaituko, eta mundu berri edo ez hain berri horretan ikusiko da nork izango duen euriaz babesteko aterkia eta nork ez.

Aterkiak banatzen saiatzen direnen alde jarriko naiz ni.

BIBLIOGRAFIA
– Miren Etxezarreta eta Mari Carmen Gallastegi, “Balkoitik balkoira, ekonomiaz”. Berria (2020/05/09).
– John Gray, “Why this crisis is a turning point in history”. New Statesman (2020/04/01).
– Elkarrizketa Walden Bellorekin, “El mundo después del coronavirus: “El impulso es hacia un sistema postcapitalista”. Página/12 (2020/05/10).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak