Iritziak

Iritzia | Gazte Esplotatuon Erronkak Kapitalismoan

Langileek euren eskubide laboralak ezagutzeko gida kaleratu du Hego Uribeko Gazte Koordinadora Sozialistak. Iritzia bidali dute GEURIAra.

Argazkia: GKS

Gazteok benetan ezagutzen al ditugu gure lan eskubideak? Egungo legediaren arabera, aparteko orduak egitea borondatezkoa da eta hauek konpentsatzea nahitaezkoa; gutxienez, hamabi ordu egon behar dira lanegun bat amaitu eta hurrengoaren hasieraren artean; eta langileek euren lan orduetatik kanpo “deskonexio digitalerako” eskubidea izango dute. Hauek, langileok ditugun eskubideen adibide batzuk besterik ez dira. Betetzen ez badira, guztiz ohikoa dena, hauek defendatzeko aukera osoa daukagu errepresaliarik jaso gabe.

Asko dira esplotazioaren adierazpenak gure egunerokoan, krisi kapitalistaren ondorioz areagotu egin direnak, baina gazteok lan merkatuan jasaten dugun esplotazioa agerikoa da eta biziki sufritzen dugu. Honen adibide dira pairatzen dugun soldataren debaluazioa, hala nola, ordaindu gabeko aparteko orduak edo praktika kontratuak. Langabezia eta aldi baterako lanak ere ohikoak dira gazte langileon artean. ETT enpresek, lan baldintza hobeak dituzten hitzarmen kolektiboak sahiesteko helburuarekin, desegonkortasun laborala normalizatzen dute: kaleratzea erraztuz edota lan istripuen estadistikak handitzen dituzten segurtasun gutxiko lanpostuak eskainiz.

Kasu hauek guztiak, gazte langileon soldaten murrizketa legez arautzen dute, esplotazio tasa handituz. Azken finean, bistakoa da langileak kapitalaren akumulaziorako baliabide hutsa besterik ez garela, burgesiaren poltsikoak betetzeko lan indar soila besterik ez. Hau mugatzeko, eskura ditugun lan eskubide apurrak ezagutu eta hauen aplikazioa exigitzea beharrezkoa dugu. Horretarako, Hego Uribeko GKS-tik Eskubide Laboralen Gida aurkeztu dugu: alde batetik, hainbat gazteren errealitateari lagungarria izan daitekeen tresna eskaintzeko; eta bestetik, esplotazio tasa neurri batean mugatu eta borrokarako bideak zabaltzeko beharrezkoak diren ezagutzak eskaintzeko.

Beharrezkotzat jotzen dugu klase dominazioaren adierazpenak borrokatzea, dominazio honek sumisioaren edo etsipenaren kultura inposatzen duelako langileriaren baitan. Honen aurrean, gazteria proletarioak dominazio burgesaren aurpegiak ezagutzea eta borrokatzea ezinbestekoa du langile klasearen emantzipazioari heldu nahi badio.

Hurrengo ekainaren 23an, 18:30etan, honetan sakontzeko hitzordua daukagu Gandasegiko arkupean (Galdakao).

Anima zaitez eta parte hartu!

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak