Zutabeak

Iritzia | Akabo, bukatu da

Urte amaiera ate joka dugu. Balantzea egiteko garaia omen da, baita helburu berriak finkatzekoa ere, amaiera orori hasiera berri bat dagokio-eta. Abenduaren 31n hiltzen gara urtero, eta urtarrilaren 1ean (edo 2an berantiar mozkortiak) berpiztu. Ziklo naturalaren antzezpen txiki bat besterik ez da: jaio, bizi eta hil.

Heriotzak badu niretzat bere erakarpena. Pazientzia gutxiko pertsona naizenez, ni beti izan naiz bukaeren zalea. Eta oso kontziente naiz heriotza ere ate joka duela gizaki orok. Hortaz, ahal dela, hobe dugu zer edo zer planifikatuta izatea une hori ailegatzen denerako. Ni, badaezpada, nire epitafioaz hausnartzen hasi naiz. Hori dela eta, inspirazioa bilatu dut nire aurretik joan diren horiengan.

Badaude konformistak, joko-arauak kiroltasunez onartzen dituztenak eta, era berean, abisu egiten digutenak: Presta zaitezte niri jarraitzeko!. Sinpleago ere egin daiteke: Game over. Inkonformistek, aldiz, mota honetako esaldi bat aukera dezakete: Esan nizuen gaixorik nengoela! edo Nik ez nuela nahi argi gera dadila!. Are zuzenago: Utzidazue ateratzen! Biziosook ere ez ditugu zertan gure ahuldadeak ahaztu. Ludopatentzat egokiena ondorengoa dugu: Heriotzarekin apustu bat galdu nuen eta nik beti ordaintzen ditut nire apustuak. Mozkortiek ere aukera dute: Ekarri lore gutxiago eta garagardo gehiago!

Batzuek argi dute heriotzak ere bere abantailak dituela. Adibidez, etengabe dieta egiten ari direnak: Azkenik gelditu naiz hezurretan. Edo hileko soldatarekin larri bizi diren hainbat pertsona: Azkenik utzi diot fakturak ordaintzeari.

Nik ere heriotzari bere alde positiboa ikusi nahi diot, baina originaltasuna galdu barik. Beraz, idatzita utzi nahi dut ondorengo esaldia: Hemendik aurrera ez naiz altxatuko txiza egitera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak