Kirola

Iritzia | Arrigorriagako arkakusoa

Leo Messik Bartzelonatik alde egin nahi du. Hurrengo egun eta asteetan mundu mailako albistea izango denak bere oihartzuna izan du Arrigorriagan ere, bitxikeria batek hauspotuta: 2015an Ernesto Valverdek, orduko Athleticeko entrenatzaileak, Messi Arrigorriagakoa izatea nahiko zuela esan zuen. Erdipurdiko coach-ek saltzen dutenaren kontrara, ordea, jakin badakigu nahi izatearekin ez dela nahikoa zure ametsak bere horretan bete daitezen, Instagramerako soilik balio duela horrek, baina ateraldiak aukera ematen digu izarren izenaz, izanaz eta ezinaz hausnartzeko, astronomiaz ezer gutxi jakin arren.

Izateko, izar guztiek izena behar dute. Arrigorriagatarra behar lukeen jokalariaren kasuan “arkakusoa” ezizenaz ezagutu izan dugu bere kirol ibilbide guztian zehar. Metafora ederra halako animalia txikia, ia ikusezina, itxuraz ezdeusa, urteen poderioz hainbeste gozarazi digun erraldoi bilakatu izana. Kalean hasi zuen bere kirol ibilbidea Messik. Madalenetako futbito txapelketan parte hartu zuen edo ez batek daki, baina Argala plaza betetzen zuen txapelketa harekin gertatu denak ondo baino hobeto islatzen du futbolak izan duen bilakaera: Kaleetatik eta plazetatik atera dugu, eta belar artifizialera eraman. Ez naiz azken aldian medioetan hain usu ematen diren kanpainen antzera prekarizazioa erromantizatzen hasiko, non, adibiderako, esango dizuten zaborretik jatea friganismoa dela, eta ez pobrezia gordina: Azken hamarkadetan hobekuntza erraldoia eman da futbol zelaietan, eta horrek onura nabariak ekarri ditu. Hala ere, egia da kaleko futbola oinetan baino, buru barruan hezurmamitzen dela, eta irudimena hauspotzen duela: Dena sortu behar da hutsetik hasita, joko zelaia bera, erabakiz atea bi jertserekin edo zuhaitz, zutabe edo dena delakoekin egingo den, eta antolaketa ere eskatzen du, taldeak egiteko, arauak finkatzeko etab. Jokoak berak eskaintzen ditu futbol zelai baten barruan baino arrisku eta abagune gehiago, ingurunea uneoro zeharo aldakorra den heinean, eta horrek jokalariei halako bizkortasun eta erabakimen berezia eskatzen die.

Dmitry Tomashek / Unsplash

Zenbateko garrantzia izan zuen kaleak Messirentzat? Handia. Baina bere kirol ibilbidea markatu zuena beste kontu bat izan zen, baliabideekin eta medikuntzarekin zerikusia duena. Ezagun da hazteko behar zuen tratamendua Bartzelonak ordaindu ziola, eta horrek, munduko harrobi onenetako batean egotearekin batera, (ez da komeni ahaztea), bidea zeharo erraztu ziola. Talentuak ongarri egokia behar du loratzeko, baita onenen kasuan ere, Montefuerte edo Santo Cristorako aldapa etzanagoa izan dadin. Ongarria baliabide materialetan, eta baita giza baliabideetan ere. Arlo honetan ere gauzek onera egiten dute, teorian eta praktikan, baina funtsean ez da azken hamarkadetan indarrean dirauen pentsamoldea aldatu, ez behintzat gure inguru hurbilean: Jokalarien kirol ibilbidean berebiziko garrantzia duten adinetan ez ditugu beti behar beste baliabide bideratzen. Entrenatzaile eta talde gehienok ere “gorantz” egitea izaten dugu helburu, tontorrean egonda hobeto ikusiko gaituztelakoan. Eta noski, handik goitik, kataloxa jarrita ere ez dugu jakiten arkakusoak non dauden, arkakuso bakoitzaren nortasuna zein den, eta dituen behar eta nahiak zeintzuk diren.

Kirolari moduan, Bartzelonako 10ak, baditu herrikidea izateaz harro sentiaraziko zizkiguten hainbat balio, sobera ezagunak direnak, baina goi mailako futbola kirola izateaz aparte, edo horren gainetik, zehazkiago esatearren, kapitalaren logika ankerrari men egiten dion negozioa ere bada. Eta horretan ere argentinarra eredua da, kasu honetan txarrerako. Ogasunarekin izandako arazoak ikustea besterik ez dago, eta horrek bere izarraren distira zein gutxi apaldu duen zale zein gizarteari begira. Gure herrikidea balitz, kenduko genizkioke bere omenez jarritako kale, kiroldegi edo dena delako guztiak egindako iruzurragatik? Kasurako, ze erantzun jaso zuen jarraitzaile zuri gorrien aldetik jakiteak San Mames berriaren obren zati bat esklabutza baldintzetan lan eginda burutu zela? Kepak alde egiteak baino gehiago edo gutxiago sumindu gintuen? Ba hori. Halakoak gertatzen direnean bainaka hasten gara, eta amamak esaten zuen moduan: “Bainak… ortuan”.

Messi arrigorriagatarra litzatekeen errealitate paralelo horretan agian ez ginateke pandemia baten erdian egongo, eta gaitz erdi, baina bai bata zein bestea ezinezkoa diren lez, hobe elkar zaindu eta medikuntzan, irakaskuntzan edo kale garbiketan ditugun arkakuso horietaz harro egon eta baliabidez hornitzen baditugu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak