Zutabeak

Iritzia | Aukera berrien garaia

Caroline Hernandez / Unsplash

Nork esango zigun abenduaren 22an, Gabonetako loteriaren egunean, kontsolamenduko saritzat hartzen dugun osasuna hain guragarri izango genuela udaberrian?

Itxialdi aste hauetan diruak, zentzu batez, bere zentralitatea galdu du, ez baita egon ia gastatzeko aukerarik. Osasunak, berriz, erdigunea hartu du. Herritar gehienok, zentzu batez, jabetu gara osasuna ezin dela erosi dendetan. Gaixorik egonez gero, akaso, diruarekin zaintza hobeak eskuratu ahalko ditugu, baina, osasun ezak ez du konponbiderik.

Gure eginbeharretara itzultzen ari garen egun hauetan, langile gehienok, orokorrean, osasuna lehenesten ari gara: nola moldatu gure lantokia eta jarduera geu eta gure senitartekoak, gertukoak eta lankideak ez kutsatzeko. Denok, berriz, ez goaz norabide berean. Agintari eta botere faktiko nahikotxok beste bide batetik jo nahi dute. Aukeretako garaian murgilduta gaude: dirua ala osasuna, negozioa ala bizitza, gutxi batzuen ongizatea ala gehiengoarena.

Loteriako sari nagusia moduan hasi bagara hartzen osasuna, orduan, izan gaitezen anbizio handikoak eta eska dezagun benetako osasuna. Horretarako aintzat hartu Munduko Osasun Erakundeak 1946an egindako definizioa: “Osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da eta ez bakarrik gaixotasun eza”. Beraz, osasuna, bakea moduan, ez da bakarrik bere kontrakoaren eza, zeozer zabalagoa bada.

Zoritxarrez uste dut inork ez duela gure esku utziko aukeraketa hori. Neuk badaezpada gogoan izango dut gure osabak Gabonetan urte berriari begira beti esaten diguna: “Osasuna, bakea eta lapiko betea.”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak