Zutabeak

Iritzia | Aurtengo udan piperrik ez

Phillip Larking / Unsplash

Gaur goizean fruta-dendako erosketak eraman dizkiet gurasoei, martxoaren 14an itxialdiari ekin zioten eta zintzo betetzen ari dira. Zorionez osasunez ondo daude biak, beraz, gainontzekoak bigarren mailako problemak direla diote. Bizitza honetan haienak eta bost pasatu ostean, etxean eroso geratzeak ez ditu kezkatzen. Hori esaten digute behintzat, geuri ere animoak eman nahian.

Etxeko atarian, segurtasun distantziatik, ama animoso ikusten dut, familiako oinarria izan da beti eta horri eusten jarraitzen du. Aita, berriz, animo aldetik ondo dago, baina, nire moduko ipurterre bat da eta etxean zarratuta egotea ez zaio gustatzen.

Fruta-dendatik ekarritako porruak ikustean bekokia ilundu zaio aitari: “Ortuan porruak izanik eta hauek erosi behar” bota dit. Amak berehala azaldu dio porru horiekin moldatuko dela sukaldean eta listo, ez dela giro ortuan aritzeko.

Aitak, beste askoren moduan, erretiroa hartzerakoan ortua jarri zuen eta denbora-pasa ederra du bertan. Ondo ulertzen du alarma egoera honetan aisialdirako ortura joatea ez dela premiazkoa, are gutxiago adineko pertsona batentzat, baina, horrek ez dizkio kentzen buruhausteak.

Gogoan dauka aste hauetan bildu beharreko uzta (babak, ilarrak, porruak, zerbak …), zaindu beharrekoak (lekak, tipulak …) eta udan uzta ona izateko eginbeharreko lanak. San Isidro inguruan lurrean landatuta egon behar dira udako landara guztiak (piperrak, tomateak, kalabazinak, pepinoak, piperminak, …) eta aurten ez du itxurarik hala izango denik.

Beraz, aurtengo udan piperrik ez, ez behintzat gure ortukoak. Ama ez da arduratzen: “Ortuko piperrik ez badago, dendan erosiko ditugu. Arazo larriagoak badaude munduan”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak