Zutabeak

Iritzia | Baldintzak eta inertziak

Baldintzak ez dira berdinak. Egun batetik bestera aldatu dira, ezustean. Esnatu (batzuk beranduago orain), diru-lana (nola egingo dugu aurrera?), telelana (etxeko lana beste batzuentzat, horrek berdin jarraitzen du), gerra-lana (batzuk lehen lerroan, baina, non dago lerro hori?), sukaldean trebatu (ze erremedio?), etxekoekin berba egin (ahal duenak), gertukoak pantaila bidez agurtu (nortzuk dira gertukoak?), zorion agurrak prestatu (ezin aurreko bideoaren maila jaitsi), txalo egin (nori? Zeri? Argi al dugu hori?), gorputza astindu, telesailak, liburuak, traste zaharrak… Eta lo, hurrengo egunean esnatzeko, bizitza aurrera doa eta. Tartean gaixotu, negar egin, betirako agurtu (posible ote?). Altxatu.

Birusak eragindako koktelera honetan aspertzeko astirik ere badago. Aspertzeko eta pentsatzeko. Agortutako hitzak berreskuratzeko garaia ere ei da bizi duguna, isildutakoak esateko. Horretarako baldintzak ere aldatu dira, dirudienez. Ustekabeko mezuak mugikorrean, urteetan bere berririk izan ez duzun unibertsitate garaiko lagun minarenak, bikote ohiarenak, barkamenak, proposamenak… Sexua?
Birak. Burua biraka. Entzun izan dut norbere burua hobeto ezagutzeko aukera ederra (beldurgarria?) dugula egoera honen aurrean, ebatzi gabeko zalantzak argitzekoa, bizitzari bide orria idaztekoa, lehentasunak finkatzekoa.

Asko entzun izan da itzultzerakoan ez garela berdinak izango. Ikasita itzuliko garela. Arestian aipatu dit Gretak, baina, teoria horrek ez duela bermerik, baldintzak aldatu direla, eta egoera berri honetan sentitutako inpultsoek eta hartutako erabakiek errealitatearen baldintzen dosi bat falta dutela. Hortaz, ez direla egiazkoak.

Alegia, baldintza arruntekin inoiz hartuko ez genituzkeen atrebentziak izan ditugula orain. Konfinatuta bizi duguna ez da erreala Gretarentzat: “Hor kanpoan izango bagina, ezer ez litzateke berdina izango. Gure bizitzarekiko parez pare dagoen hibernazio horizontal batean bizi gara, parentesi batean”. Beldur da Greta. Etxean bakarrik gauden honetan, hibernazio prozesuan burututakoei eta sentitutakoei bira gehiegi emango diegun galdetzen dio bere buruari, eta esnatzerakoan, ziba berriaren inertziak lehengo bizitza joko ote duen kezkatzen du. Bidaia honek prezio altu bat izan dezakeela uste du Gretak.

Autoinmunitatea ez ote den hori jakin nahiko nuke. Zer da itzultzea? Zer dago hor kanpoan? Zer da etxean bakarrik egotea? Zein zen lehengo bizitza? Ez al zituen ba ziba baten birek zuzentzen lehengo egoeraren baldintza arruntak ere?

Eta zer da ba bira bat inertziarik gabe? Inertziek zuzentzen dituzte geure buruko birak, eta hauek ere ez dira berdinak. Baina ez dut uste bata egiazkoa denik eta bestea gezurrezkoa, irreala.

Stop erradikala jasan dute ohituak gintuzten baldintzek eta inertziek, eta beste batzuk gailendu dira buruan bueltaka ditugun bira berri hauen mesedetan. Bira eliptikoak. Eta hortxe dabiltza ideiak, aurreko biren aurrean kometa ebakitzaileak bailiran.

Nik ere, Gretak bezala, ez dut uste konfinamendu honek neure burua hobeto ezagutzeko balioko didanik, ez eta ebatzi gabeko zalantzak argitzeko, nire bizitzako bide orria idazteko eta lehentasunak finkatzeko ere. Zalantzak ditut, ordea, buruko bonbardaketa honen egiazkotasunarekin.

Lur-planetak arnasa hartu duela diote adituek. Eta guk? Zein da behar dugun arnasa? Eta geure buruak? Nondik irteten da barrura?

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak