→Basauri

Iritzia | Barik-aren kasketa

Gaur geltokira heldu eta zazpi minutu geratzen ziren hurrengo metrorako’, esan dut kexati erredakziora heldu bezain pronto. ‘Sara, mesedez, ordu erdi baino gehiago itxaron behar izaten dut nik trena galtzen dudan bakoitzean’, erantzun dit Trapagan bizi den lankideak. ‘Eta nik ez dizut kontatuko Bilbora sartzeko zegoen auto-ilara, ezta?’, oihukatu dit mahaiaren ertzetik lekeitiar batek.

Egia da, metroa erosoa da eta gaizki ohituta gaude, baina bakoitzak bere zilborrari egiten dio so, horrelakoak gara, eta eskailerak jaitsi eta monitorean 5 minutu baino gehiago ikusten dudanean hasperen sakona ateratzen zait, makinak 50 bidaietako bonua erosten utzi ez eta Barik-a berritu behar nuela konfirmatu zidanean atera zitzaidan berdina.

Milio erdi barik iraungo diren urte honetan, eta teknologiaren aroan guztiz murgilduta gauden arren, bulegoetan baino ezin dira berritu, oso gutxitan gainera. San Mamesekoan hainbatetan saiatu ondoren (jendez gainezka egoten da eta ezinezkoa egin zait lanera sartu baino lehen edo irtendakoan egin) Alde Zaharrera hurbildu nintzen arratsalde batean. Ordurako bi aste neraman txartelaren “diru-zorroa” erabiltzen, hau da, dirua xahutzen. Ordu erdi inguru aulki batean eserita egon eta gero lortu nuen, baina haserre sartu eta haserre atera nintzen.

Desinformatuta sentitu naiz. Nire betiko txartela ondo zegoen, ondo funtzionatzen zuen. Zergatik erosi behar dut orduan berri bat? Askok txikikeriatzat hartuko dute, baina nire ustez beharrezkoa ez den plastiko hondakin pila baino ez da, eta negozio hutsa noski. Aurretik, duela hainbat urte, automatikoki eguneratu zituzten Barik txartel guztiak, fisikoki berritu gabe eta doan gainera. Ordukoa mailegu bat baino ez zen izan? Zazpi urte barru berriro interesak ordaintzea egokituko zaigu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak