Zutabeak

Iritzia | Begiradak

John Moeses Bauan / Unsplash

Denok omen ditugu gure bizitza markatzen duten gertaerak, gure izaera eta ibilbidea baldintzatzen dituztenak. Nire kasuan, behintzat, jazoera horiek begien ninietan islatuta etorri dira.

Lehenengoa 1994an etorri zen, Nikaraguako El Melonar izeneko muinoan. Txabola isolatu batera heldu ginen. Han bizi ziren emakume bat eta bere lau seme-alaba txikiak. Aitak aspaldi abandonatu omen zuen familia. Gaixorik zegoen andrea, haren gorputz iharrean nabaritzen zena. Etxera sartu ginen. Erabat hutsik zegoen. Alerik gebeko artaburu baten enborra eskegita zegoen teilatutik soka baten bidez. Ez zeukaten zer janik. Kanpora irten ginen aho zabalik. Biluzik zegoen umea, sabela puztuta gosearen eraginez, saltoka ibiltzen zen sasien artean. Une batean, burua atzera egin, eta aurpegira begiratu zidan. Nire begi lotsatuek ezin zioten haren begirada garden eta tristeari eutsi.

Zazpi urte beranduago noraezean nenbilen, oinez, Mexiko D.F.-ko kaleetatik, Txiapasera eramango ninduen autobusa hartzeko denbora egiten ari nintzela. Semaforo batean gelditu nintzen, kalea zeharkatzeko asmoz. Burua altxatu nuen eta nire begirada beste aldeko lehenengo solairuko etxebizitzaren lehioan pausatu zen. Kristala apurtuaren atzean neska gazte baten silueta agertu zen, ume txiki bat altzoan zeukana. Begi umelak zituen. Aldean neraman argazki-makinari heldu nion. Ateratzeko imintzioa egin eta berehala neskaren figura lehiotik desagertu zen. Korrika ihes egin nuen hotelerantz. Jarraian etorri zen udako enbataren urak ezin izan zuen nire lotsa garbitu.

Duela lau urte aitarekin nengoen Galdakaoko ospitalean. Aitak, burua galduta dagoeneko, uko egiten zion jateari eta, deshidratazioaren ondorioz, Galdakaora eraman behar izan zuten. Apenas egiten zuen berba. Domeka zen. Bat-batean berpiztu eta begiak, zabal-zabalik, horrela esan zidan: “Iskandar, pan…hay que comprar pan. ¡Ahora! Hay que ir a comprar pan”. Hurrengo egunean elkarrekin joango ginela hitz eman nion. Egun batzuk beranduago hil zen aita. Ezin izan genuen elkarrekin ogia erosi.

Ruperrek nik baino askoz lehenago abestu zuen: “Zure begietan gorderik, nor da?”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak