Zutabeak

Iritzia | Beltxarga beltzak

Alex Blăjan / Unsplash

Ez naiz Darren Aronofskyren film ederraz ari. Beltxarga beltza Nassim Taleb filosofo eta ikertzaile libanoarrak garatutako teoria da, ezusteko gertaera bat deskribatzen duen metafora bat (behatzailearentzat), eragin sozioekonomiko handikoa, eta, gertaera igaro ondoren, atzera begiratuz arrazionalizatzen duguna (iragartzeko edo azaltzeko modukoa dela ematen duena, eta gertatzea espero zela ematen duena). Arrazionalizazio horrek lasaitasuna ekartzen omen dio gure buruari.

Jatorria beltxarga beltzaren espezimen batean dauka, mendebaldean XVIII. mendera arte ezezaguna zena. Beltxarga beltzen adibiderik nabarmenenak Lehen Mundu Gerraren hasiera, espainiar gripea edo 2001eko irailaren 11ko atentatuak dira.

Azkenaldian sarri entzun dut nire inguruan gertatzen zaiguna onerako izaten dela, bizitzaren ustekabeak baikortasun-berri batez estali nahian. Hala eta guztiz ere, ez nago ni batere ados ikuspegi positibo honekin. Argi daukat errealitatearen kontra borroka egiteak zentzurik ez duela eta onartzea besterik ez dugula. Baina sarritan nahasten ditut onarpena eta etsipena. Zalantza daukat bien arteko muga non dagoen.

Egoera zail eta txar batetik ahalik eta irteera onuragarriena ateratzen saiatu beharko ginateke. Baina beti ez da posible, egoerak berak ez duelako aukerarik ematen edota baliabide edo ezagupen nahikorik ez dugulako gertakariari buelta emateko.

Konorabirus pandemiak erakutsi digun moduan, oso gauza gutxi jo dezakegu ziurtzat, bizitza ustekabez beterik baitago. Patuak ez du justiziaz ulertzen eta gure ekintzen ondorioak ez dira beti logikoak izaten. Esan digute gure etorkizunaren arkitektoak garela baina, gehienez, gure ofizioa igeltseroena da. Bizitzaren unibertsitatean ikasle asko ikusten ditut nik, baina katedratiko gutxi. Kontua da eraikin erraldoi honetan agertzen diren zirrikituak nola bete. Eta fedea baino ez dugulakoan nago. Beltxarga beltzak hegoak astindu eta aireratuko delakoan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak