Zutabeak

Iritzia | Berriro ere?

Kartzela, espainiar poliziaren kuartelak, Pozokoetxe eta Arizko trenbide multzoak, Metroko kotxerak, MercaBilbao, autobide korapiloa, Finagako azpiestazio elektrikoa… Azaleraz txikia izanagatik ere, hainbat eta hainbat izan dira historikoki Basauriko herriak bere mugen baitan jasan behar izan dituen udalaz gaindiko azpiegiturak. Gehienek ez diote inolako onurarik ekarri herriari, akaso MercaBilbaoko enpresak eta lanpostuak har daitzke salbuespen gisa.

Eta, zorionez, azkenaldian lurzoru bakarren bat herriaren eskuetara itzuli eta herritarrok huraz gozatzeko eskubidea berreskuratu dugu, hain zuzen ere Pozokoetxeko trenbide multzoa San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxeko PERUaren ondorioz, hori bai, lurzoruagatik milioi euro batzuk ordaindu eta gero.

Irakurketa argia da: hamarkada luzetan Basauri Bizkaiko ‘zabortegia’ izan da. Herrialdearentzako beharrezkoak (omen) diren baina inork bere etxe ondoan nahi ez dituen ‘marroi’ andana jan beharretan aurkitu gara eta, ezer berririk deskubrituko ez dizuedan arren, ezin dugu esan herri honetan lurra soberan dugunik…

Bada, aurrekoa nahikoa ez eta azken asteotan beste mamu bat agertu zaigu Basauriko ortzimugan. Zein eta horren kuestionatua izan den AHTaren proiektuko balizko ‘behin-behineko’ geltokia (behin-behinekotasunaren adibide bat jartzearren, Termibuseko Garellanoko behin-behineko geltokiaz hitzegin daiteke, bere behin-behinekotasunean 23 urte iraun zuelarik, 1996 eta 2019 artean).

Non eta Lapatzan, San Migelen, herri honetan eremu natural bat egonkortzeko aukera ematen digun espazio bakanetako batean. Izan ingurumen-kostuagatik, kostu ekonomikoagatik, gizarte-errentagarritasun maila eskasagatik edota inbertitzeko momentuaren egokitasunagatik, beste milaka arrazoiren artean, AHTaren proiektuak berak eztabaida propioa merezi du, baina gaurkoan horiek alde batera utzi eta beste zeozerk bultzatu nau hau idaztera:

Basauriarrok berriro ere jasan beharko dogu ezer gutxi eskainiko digun hamaikagarren azpiegitura herrian? Berriro ere uko egin behar diogu herrian libre eta eremu natural moduan kontserbatzeko potentziala duen geratzen zaigun lurzoru bakanetako bati? Berriro ere?

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak