Iritziak

Iritzia | Burgesiaren diktadura zuzena gelditu!

Pandemiaren aurrean klase politikoa aplikatzen ari den neurrien nolakotasuna ulertzeko, ezinbestekoa da krisi kapitalista bere osotasunean ulertzea.

Argazkia: Gedar.eus

Pandemiaren aurrean klase politikoa aplikatzen ari den neurrien nolakotasuna ulertzeko, ezinbestekoa da krisi kapitalista bere osotasunean ulertzea. Bankari eta enpresari handiak ordezkatzen dituzten alderdi politikoek lan kaleratzeak merketzeko, etxegabetzeak errazteko, soldatak jeisteko, kontrol soziala areagotzeko, eta langileriaren eskubide politikoak suntsitzeko politikak jarri dituzte martxan pandemiaren aitzakiapean, horietatik aipagarriena konfinamendu politika izanik.

Covid-19 delako birusak eragindako pandemiaren osasun kudeaketan baino, burgesia urte batzuetatik hona garatzen ari den krisi ekonomikoaren kudeaketa lanetan dago murgildurik. Estatu burges-demokratikoak kapitalismoaren fase berri baterako trantsizioan jartzen ari dira euren baliabide guztiak, eta ez ordea osasun sistema indartzean, osasun baliabideak unibertsalizatzean edota pandemia kudeatzeko beharrezkoak diren neurrien gastuei aurre egitean.

Masa zabalen pobretzeak, askatasun politiko zein zibilen murrizteak eta kontrol sozialean oinarritutako gizarte eredu distopikoa da inposatzen ari direna.

Ongizate eta zuzenbide estatuen paradigma historikoa agortu egin da. Ogizate estatua diogunean, mendebaldeko estatu kapitalistek, Sobietar Batasunak kapitalismoaren hegemonia politikorako suposatzen zuen mehatxuaren aurrean martxan jarritako antolakuntza sozialaren ereduaz ari gara. Zeinetan iraultza sozialista ekiditeko eta plusbalioaren erausketa errazteko, langile klasearen zati baten bizi baldintzak hobetzera bideratutako neurriak hartu behar izan zituzten klase ertainen interesak ordezkatzen zituen alderdi sozialdemokratekin akordioetara helduz: dohako zerbitzu publikoen eratzea, langileriaren sektore batzuen soldataren igoera, lan baldintza egonkorrak, merkatuetan merkantzia eskaintza areagotzea, etab.

Ongizate estatuaren gainbeherarekin batera sozialdemokraziak bete izan duen funtzio politiko historikoa agortutzat eman daitekeela uste dugu. Esan bezala, kapitalismoaren fase berri honetarako botere pribatuaren metaketa ereduak ez baitu klase arteko paktu sozialaren beharrik. Oligarkiak agindu, politikariek zuzendu, eta polizia eta talde faxistak exekutatzen ari dira gizarte ordena berria.

Langileriak pandemiak areagoturiko krisi honen ondorioak sufritu bitartean, alderdi sozialdemokratak ofentsiba burgesaren konplize izaten ari dira, inolako oposizio errealik egin ez baitute biztanleria ahulena babesgabetasun egoeran utziz. Diktadura totalitarioaren antza geroz eta nabariagoa hartzen ari den eredu honen aurrean ardura politikoa langileriaren sorbaldetan jarriz.

Zentzu horretan, auzia gurera ekarriz, euskal burgesiarekin batera garatu daitekeen programa politikorik ez dugu baliozkotzat hartzen. Estrategia interklasistek klase boteredunaren interesei men egiten diete, ahulenen egoera behin-betikotzera kondenatuz. Ez dugu gure hizkuntzan esplotatuak edo esplotatzaileak izan nahi, klase gabeko gizarte batean gure hizkuntzan bizi baizik.

Nazio erainkuntzaren auzia Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzan datza komunistontzat, langileriaren kontrolpeko lurraldearen errealitatearen egituraketan, berdintasunean oinarritutako lurraldearen gaineko kontrol sozialistan.

Jakin badakigu ordea, prozesu sozialista ezin dela lokalismora murriztu. Izan ere, agerikoa da klase dominantea (burgesia) mundu mailako antolaketa eratu duela jaioz geroztik. Beraz langile klasearen emantzipaziorako posible den prozesu bakarra, prozesu sozialista, marko geografiko zabaletan planteatu behar da.

Burgesiaren eta langileriaren arteko botere korrelazioa geroz eta gehiago desorekatzen ari da. Tesitura honen aurrean, bi aukera geratzen zaizkio langileriari: pobrezian eta askatasun ezean bizi edo iraultza sozialistaren aldeko hautua egin.

Gazte koordinadora Sozialistako kideok, iraultza sozialistaren aldeko hautuan berresten gara.  Tradizio sozialistaren aldeko hautuan batu ginen gazte langileen antolakunde iraultzailea izaki, sozialismoaren eraikuntzan dihardugu jaioz geroztik. Sistema kapitalistaren dominazioa gainditu eta klase gabeko gizartearen eraikuntza ortzimuga izanik.

Pandemiaren aitzakipean ezarritako diktadura totalitarioaren aurrean, programa komunistaren defentsan jarraituko dugu, zeinak dominazio burgesaren adierazpen guztiak borrokatzea jomugan duen: askatasun politikoen defentsan, osasun sistema unibertsalaren alde, ekoizpen baliabideak sozializatzearen alde, genero eta arrazan oinarritutako diskriminazioaren kontra, … klase sozialik gabeko eta baldintza materialen berdintasunean oinarritutako gizartearen eraikuntza alegia.

Izan ere, gaur egun sufritzen ari garen errealitatearen arrazoirik handiena, XX. mendean zehar eta zer esanik ez mende honen hasieran, programa komunista albo batera utzi izana da. Belaunaldi berrien erronka beraz gizartea politizatzean datza, hau da klase borroka berpiztean.

Gazte langileok berezko dugun zapalkuntza egoeratik langile klasearen boterea antolatzen jarraituko dugu, langile klasearen interesak babesteko beharrezkoak diren instituzioak garatzen, iraultza sozialistaren auziari leial izaten.

Burgesiaren diktaduraren aurrean, antolatu sozialismoaren alde!

 

Hego Uribeko Gazte Koordinadora Sozialista, Euskal Herrian, 2020ko azaroan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak