Zutabeak

Iritzia | Disfuntzioa

Matematika irakasle aritu naiz hainbat urtetan. Ez da kasualitatea nik matematikak aukeratzea edo, hobe esanda, matematikak ni aukeratu izana. Izan ere mundu honetan bi pertsona mota daude: matematika maite eta gorrotatzen dutenak Jakina, ni lehen multzoan nago.

Inoiz esperimentatu duzue matematika ariketa baten emaitza zuzena asmatzea baino satisfazio handiagorik? Bularra ere handitzen zaizu. Matematikek ziurtasuna ematen didate. Prozedura zehatzak eta argiak dituzte problema bakoitzerako. Erabiltzen ditugun sinboloek interpretazio bakarra dute. Ez dute zalantzarako izpirik uzten. Nolako ariketa halako konponbidea! Ondo pentsatuta, matematika koldarrentzako zientzia bat da, bizitza bere dimentsio guztietan esperimentatzearen beldur dugunontzat, hain zuzen ere. Diziplina honetan amildegi bakarra funtzio beherakor batek irudikatzen duen grafikoa da. Baina ez da hondorik gabeko jaitsiera, funtzioaren adierazpen matematikoak beti aurreikusi ahal dizu non dagoen minimoa, ea inflexio-punturik etorriko den, baita mugitu ahal zaren definizio-eremua.

Zoritxarrez, bizitza ez da matematika, poesia baizik. Ba al dago poesia baina gauza zehaztugabeagorik? Olerki batean ezer ez da ziurra, ezta metrika bera ere, bertso batzuk libreak baitira. Metaforak irakurleak nahi duen eran hartzen ditu. Inoiz ez zara seguru egongo ea zure interpretazioa egokia den eta idazlearen asmoarekin bat datorren. Askatasunerako eremu zabala ahalbidetzen du poesiak. Horregatik da horren arriskutsua.

Bizitzaren pozak eta penak bildu daitezke lerro bakan batzuetan. Gure emozioak pizten ditu. Edertasunaren gailurra ere ukitu daiteke. Poesia bizitza esperimentatu nahi duten gizaki ausarten artea da. Susmoa dut gure irakurleen artean matematikari gehiago ditugula poesia zaleak baino, nahiz eta eskola garaian matematika ez gainditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak