Hezkuntza

Iritzia | Ergel ilustratuaren itxaropena

Ergelen batzarra /A confederacy of dunces, 1980) / John Kennedy Toole

Idazleek eta sasi-idazleok beldur bat partekatzen badugu argitaletxe batek gure zirriborro bat arbuiatzearena da. Amodio-afera batean kalabazak jasotzearen antzeko sentsazioa da. “Narniako kronikak” bezalako liburu ikoniko bat zortzirehun bider baino gehiago bidali zuten atzera argitaratu aurretik.

Joseph Rudyard Kipling idazle britaniarrak Literaturako Nobel Saria irabazi zuen 1907an, horrelako sari bat lortu duen idazle gazteena delarik. Hala eta guztiz ere, bi urte lehenago, argitaratzaile batek “zuk ez dakizu ingelera erabiltzen” esan zion. George Orwellen “Abereen exaldea” lanak jaso zuen lehenenego kritika “herri honetan animalien ipuinak ez dira saltzen” izan zen. Antza denez, editore orojakileak ez zekien lerro artean irakurtzen. Agatha Christiek lau urte eman zituen bere lanak argiratuko zituen argitaletxe baten bila. Gaur egun bi mila milioi ale saldu ditu dagoeneko, Shakespearek bezainbeste. “Emakumetxoak” idatzi zuen Louisa May Alcott egileari irakaskuntzan jarraitzeko aholkatu zioten. “Moby Dick” eleberriaren hasiera irakurri omen zuen lehen editoreak “zelako kaka!” ahoskatu zuen. J.K. Rowlingi hamabi bider esan zioten ezetz. Baldintza ekonomiko kazkarretan zegoelarik, Edimburgora mugitu zen zorte hobeago baten bila. Hango kafetegi batean Harry Potter sagaren lehen liburua idatzi zuen. Gaur arte, laurehun ta berroigeita hamar milioi kopia inguru saldu ditu.

Kasu batzuetan, aldiz, aintzatespena beranduegi heltzen da. Horrela gertatu zitzaion John Kennedy Toole estatubatuar idazleari. “Ergelen batzarra” izan zen idatzi zuen eleberri bakarra, eta argitaletxez argitaletxe ibili ondoren, inork ez ziola argitaratu nahi eta bere buruaz beste egin zuen. Handik hamar urtera, Johnen amak lortu zuen argitaratzea, eta arrakasta itzela izan zuen. 1981ean Pulitzer saria eman zioten. Izenburua satiraren klasikoetako bat den Jonathan Swift idazlearen aipamen batean oinarritua dago: “Munduan benetazko genio bat agertzen denean, honegatik ezagutuko duzue: ergel guztiak haren aurka egiteko bat egingo dute”.

Hortaz, orain arte egin ez badu ere, ez dut itxaropena galtzen noizbait kazeta honen argitaratzaileak nire zutabe bat atzera botako duenik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak