Hezkuntza

Iritzia | Ez naiz koipea ematera etorri

Unsplash / Sharon McCutcheon

Zorionak ikasleon bihotzaren barren-barrenetik Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari eta bereziki Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko dekanotzari, denon ahotan dagoen pandemia kudeatzeko izandako gaitasunagatik. Ezingo dugu inoiz merezi bezala eskertu covid-19aren krisiaren mehatxupean izan zuten arintasuna, ezta gazteon ongizatea aintzat hartuta azterketak baztertu eta bestelako ebaluazio irizpideak erabiltzeko erabakia hartu izana ere. Estresa eta beldurra berezko zituen egoeraren aurrean, lasaitasuna eta konfiantza helarazteko helburuari heldu zioten, ikasle bakoitzaren etxeko egoeraz jabetu eta irakasle eta gazteen egonkortasun emozionala bermatzeko ahalegina eginez. Giro zail eta gogor honetan, ukaezina da unibertsitatearen lehentasuna ikasleok izan garela. Beraz, zoriontasun handiz ematen diot hasiera EHUren magalean igaroko dudan bigarren urteari.

Ez al da polita amestea? Aurretik idatzitako guztia egia izatea gustatuko litzaidake eta erabakiak hartzeko boterea izan dutenei hori entzutea, baina ez dut koipea emateko asmorik.

Historiako zorigaiztoko kapitulu hau hasi eta gizartea itxialdira eraman zutenean, ikasleok kosta ahala kosta ikasturtearekin aurrera jarraitzeko beharrean ikusi genuen gure burua. Konfinamenduan zehar guztiontzat ezaguna den ezinegonarekin bizi behar izateaz gain, ohiko egoeran jada estresagarriak diren beste gertaera batzuei egin behar izan genien aurre. Berrogeialdiaren ezaugarrietara irakasteko eta ebaluatzeko modua egokitu beharrean, gu geu behartu gintuzten egokitzera, materia kantitate bera eta nota jartzeko irizpide berdintsuak mantenduz. Horrela, ikasgai askotan arin jorratutako gaiak ulertzen eta buruz ikasten saiatu ginen, gainditzeko ezinbesteko giltza ziren azterketa horietako emaitza interneterako loturaren menpe zegoela jakinda. Izan ere, azterketen iraupena zurruna zen eta etxeko konexioak etenen bat izanez gero, proba egiteko denbora etengabe mugatzen zihoan arazoa konpondu bitartean. Horrez gain, ikasteko modu telematiko horrek, inoiz baino gehiago handitzen zuen ikasleen arteko arrakala, bakoitzaren eskuetan ez zeuden faktoreek baldintzatzen baitzituzten gazteak kontzentratzeko zuen isiltasuna, ordenagailu bat etengabe eskura izateko aukera eta espazio txiki batean giltzapetuta egoteak edo argi natural gutxi izateak berez sortzen duen egonezina besteak beste. Funtsean, klase sozialen arteko desberdintasunak areagotu egin ziren edo areagotu baino, inoiz baino nabariagoa izan zen gazte guztiak ez direla berdin bizi.

Lur jota bukatu genuen ikasturtea, baina uda ostean eta urte berriari hasiera ematekotan geundela, itxaropen izpi bat gordetzen genuen oraindik, kudeaketa hobetzeko eta egoera berriaren inguruan hausnartzeko denbora egon zelakoan. Usteak erdia ustel. Irailaren 7an izango zen aurrez-aurreko aurkezpena; 3an, aldiz, 15:30etan idatzi ziguten lehen astea online egingo genuela esanez. Irailaren 14tik aurrerako plana, ordea, ezezaguna da oraindik Letren Fakultateko irakasleentzat eta 2.109 ikasleentzat, gure bizitzak kolokan jarriz. Kontua da irakasleak eta ikasleok ez garela arduragabekeria hau pairatzen duten bakarrak, garbiketan eta mantenuan ari diren langileez eta familiez ezin baikara ahaztu. Eskerrak eman nahi dizkiet hauei guztiei.

Koipea ematea nire helburu ez den bezala, egurra ematen ere ez naiz grinatuko. Ataka honetatik ateratzea ez da erraza izango, baina hezkuntza eragile guztien arteko elkarlana da fruituak lortzeko dugun aukera bakarra. Baina gure jomuga ezin da izan lehengora bueltatzea. Erabil dezagun esperientzia latz hau hezkuntza hobea eraikitzeko. Guretzat eta ondoren datozenentzat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak