Hezkuntza

Iritzia | Gozoki pozoitsua

Zalantzaz eta urduritasunez beteta heldu zaigu aurtengo eskolako buelta. Ez da inor libratu: Gurasoak, irakasleak, ikastetxeetako zuzendariak, medikuak, aitite-amamak eta une honetan burura etortzen ez zaizkidan beste asko ere. PCR eta kontziliazio hitzak dira azken egunotan gehien entzun ditudanak, urria hasi baino ez denean egin, piloa baitira gurean konfinatuta dauden gelak eta baita sortutako dudak eta haserreak ere.

Egoera bakoitzaren aurrean hamaika galdera. Norbera gaixorik egotea, bikotekideak edo seme-alabek sintomak izatea, azken hauen ikasgela edo ikastetxea ixtea, PCR-aren emaitzaren zain egotea, senide bat fokuren batean egotea, positiboa den pertsona batekin egon izana… Kasuistikak eta dagozkien protokoloak (“kontziliazioa” bermatzearena alde batetik eta Osakidetzarena bestetik) hainbeste eta hain ezberdinak izanda, eroen moduan gabiltza.

Nire alabaren gelan, oraingoz, mundu guztiaren ahotan dagoen zomorroa saihesten ari garen arren, gertu dabil, eta argi daukat modu batean edo bestean ia guztiok egin beharreko prosesua izango dela. Noiz eta zenbatetan? Auskalo!

Geroz eta gehiago dira kaosa bizitzen ari diren lagunak eta ezagunak. Kaosa diot inork ez daukalako argi zer egin, zalantzen zerrenda bukaezina da. Noizko koronabirusaren gida-liburua? Noizko irizpide bakarra?

Etxetik lan egiteko aukera duena, gainera, estresatuta dabil, telelana, etxeko txikienak gurasoekin egonda, ez delako kontziliazioa, ‘bakoitzak ahal duena egitea’ baizik, biziraupen hutsa. Gauza onuragarri gisa saldu digute, baina gozoki pozoitsua da. Lana eta familia uztartzen denean beti aterako da familia bizitza kaltetua. Test azkarrek ekarriko ote digute lasaitasun pittin bat?

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak