Zutabeak

Iritzia | Ice cream, pudding, cheesee…

Derioko baserri batean sortu zen ama mundura, Gerra Zibila piztu zen urte berean. Zoritxarrez, pasa den uztailean hil zen handik ez oso urrun, Santa Marinako ospitalean hain zuzen ere. Gerra garaian hazi zen ume hura ez da izan lubakietan ezkutaturik gelditu den soldadua. Alta, eskura izan dituen arma guztiekin egin die aurre bizitzaren tiroei. Eta, sinetsi egidazue, ama behin baino gehiagotan tirokatu dute.

Hamaika urte zituela, bere aitak eskolatik atera eta Neguriko markesa baten jauregian sartu zuen neskame. Erdi-alfabetatutako haurra izan arren, bizkorra zen bera eta ondo baino hobeto moldatu zen sukaldaritzaren sekretu guztiak bereganatzeko. Han ikasi zuen amak bere arrautzak koltxoi eran ospetsuak egiten: ur irakinetan egindako arrautza bat kroketa baten barruan.

Etxe horretako hezkuntza osatuta, Madrilera egin zuen salto, Espaniako hiriburuko jatetxe handikietan lan egiteko. Kontatu zigun behin Orson Welles aktore eta zuzendari estatubatuarra joan zitzaiela bazkaltzera. “Ama, baina zu baserri batean hazi zinen euskara hutsean. Gaztelera eskolan irakatsi behar zizuten. Nola moldatu zinen ba Orson Welles zerbitzatzeko?”. “Erraz. Apple, icecream, pudding, cheese…”. Eta guk barre egiten genuen amak ingelesez nola errezitatzen zuen garai horretan buruz ikasitako postreen karta.

Galizia eta Andaluziako jatetxeetan lan egiteko aukera ere izan zuen, bere sorterrira itzuli aurretik. Hemen bere negozio propioa sortzeko ausardia izan zuen aitarekin batera. Berrogeita zortzi urte zituela gidabaimena atera zuen, eta bost urte beranduago eskola-graduatua.

Amak maitasuna adierazten zuen bere plater gozoen bidez. Bizitzak limoi batzuk eman zizkion, baina berak limonada gozoa prestatu zuen.

Hil aurreko bezperan, medikuak gaua ez zuela gaindituko esan zigun. Ama burugogorra zen eta hurrengo eguneko eguerdira arte bizirauteko moldatu zen. Azken lerro hauek idazten ari naizela amaren erretratu bat dut begien aurrean, besoa altxatuta. Bere arma bakarra Korrikaren lekukoa. Ezkutua 1855 zenbakidun petoa. “Ama, zure ingeles trakets horretan, Boss-ek abestu zuen moduan: No retreat, baby, no surrender”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak