Zutabeak

Iritzia | Iturri ofizialak

Osakidetzaren kontu ofiziala / Twitter

Berak apurtu du kristala!”, dio kristala apurtu duen umeak, aurpegi txintxoz. “Jarraitu iturri ofizialak eta zurrumurruak saihestu!”, diote iturri ofizialek, sare sozialen bozgorailuz eta borobil gorriz.

Komunikabideok ere iturri ofizialei jarraitu behar diegula entzun izan dut azken asteotan, nola bestela! Beldurtzeko moduko esaldia, are gehiago, urte hasieratik entzun ditugunak entzunda, iturri ofizialak baitira Osakidetzaren informazio urriak, Aldundien zahar-egoitzetako gardentasun falta, segurtasun indarren filtrazioak edo Udalen ezjakintasuna.

Komunikabideei egia esatea exigitu behar diegula ere entzun nuen online eskainitako mintegi horietako batean. Dena nahi dugu: komunikabideek egia esatea, iturri ofizialek zintzo jokatzea eta gure burua zurrumurruen abenturekin puztu.

“Zurrumurruak saihestu” eta “Iturri ofizialak jarraitu” bitarte horretan dago Egia, hau da, gizarteak jakiteko eskubidea zein beharra duen informazioa. Eta komunikabideon eta kazetarion lana da hori lortzea, edo ahalik eta gehien hurbiltzea. Informazioaren garaia izatekoa zen honetan zarata baita nagusi, datu ez-osoak, testuinguru eza, etengabeko alarma eta zuzentasun politikoaren itxurazaletasuna.

Esandakoak esanda, honek ez du komunikabideon aldeko aldarria izan gura, ezta iturri ofizialen kontrako iraina ere. Ziurgabetasunez beteriko garaian bizi gara, likidoa deitzen diote. Heldulekuak inoiz baino beharrezkoagoak zaizkigu eta ez da norberaren ikuspegi kritikoa baino helduleku sendoagorik. “Zu oso bizkorra zinateke, gainontzekoak oso tuntunak bagina”, zioen batek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak