Kultura

Iritzia | Kultura arnasgune

Koiu musika taldearen kontzertuaren argazkia / Geuria

Hau bai uda bitxia: hasiera Piruleta planetakoa izan zen, Asereje dantzak ikusi genituen Bizkaia-Kantabria mugan, bukaera ozpindu zaigu parranda larregi gustatzen omen zaigula aurpegiratu digutelako. Antza denez, errua beti besteena. Bien bitartean, erabakiak hartu egin dira: hauteskundeak egin egin dira, lanera bueltatu, oporraldia, ikasturte hasiera… eta gure aurtengo udako hit-a: ez-jaiak.

Hainbat herritan udarekin batera, urtero legez, jaiak heldu dira. Aurten, berriz, diferentzia txiki bat egon da, kultur programazioa ia bere osotasunean bertan behera geratu dela. Kontsumorako eremuak, ordea, hasiera batean errespetatu eta bukaeran arautu egin dira, baina, muga handirik jarri barik. Eta horrela sortu ditugu ez-jaiak: kontsumoa 10 – Kultura 0.

Maiatzetik apurka-apurka joan gara berreskuratzen itxialdiaren stand-by-an utzitako guztia: lana, kontsumoa, senitarteko eta lagunekiko harremanak, kontsumoa, turismoa, kontsumoa, kirola, kontsumoa, kontsumoa … guzti horien gehiketa egingo bagenu gure bizimoduaren islada bat agertuko zen, bere gabeziekin. Erretratu horretan neuk hau botatzen dut faltan: kultura-eskaintza.

Ez-jaien ondorioz hainbat koronabirus foko agertu dira, denak kontsumo eremuetara lotuta. Neuk behintzat ez dut ezer entzun kale-antzerki edo ikuskizun batean sortutako fokoei buruz. Hala ere, kultur emanaldiak ia desagertzeraino urritu dira, kalean egiten direnak gehien bat. Zailagoa al da segurtasun arauak betetzea ikuskizun batean terraza edo supermerkatu batean baino? Zein da diferentzia gune pribatu eta eremu publikoaren artean horretarako? Hiriguneetako kaleak kontsumorako ez den beste zerbaiterako erabili ahal dira?

Orokorrean kultura, edo kultura ekintzak zehazki, lagungarriak izan daitezke ospatzeko, barrez lehertzeko, esperimentatzeko, elkar harremanetarako, barru hausnarketarako, saminak arintzeko … hainbaterako ditugu bidelagun, aurten are gehiago. Oraingo egoeran kulturari bizkarra ematea ez zaigu doako aterako. Ausartak izan behar gara gizarte moduan, kultura eskaintza zabala eta kalitatezkoa bultzatuz, ez bada aurretik daukagun udazkenean arnasa hartzeko, kultur sektoreari arnasa emateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak