Gizartea

Iritzia | Laissez faire

Clay Banks / Unsplash

Ze lagungarriak diren maileguz hartutako esaldi eta pasadizo xelebreak gure errelatitatea laburbiltzeko. Adibidez, mendiari buruzko foroetan behin baino gehiagotan irakurri dut honako hau: “Ba omen ziren behin bi mendizale igoera zail eta tekniko bati buruz berbetan. Holako batean hasiberriak eskarmentu handikoari esaten dio mendi hori mendizale guztiek igo nahi dutela. Besteak bere jakinminaren tontorretik, arnasa hartuz, erantzuten dio ezetz, igo beharrean, denek izan nahi dutela igonda mendi hori”.

Ez dut aurkitu jatorrizko bertsioan eta entzun dudanean hainbat mendizale famatuei egokitu zaie, beraz ez dut izenik aipatuko. Berdin dio autoretzak, uste dut nahiko ondo datorkigula, mendiak igotzea erronkeei aurre egitearen metafora indartsua baita. Edozein tabernako barran, irratsaioan edota telebista platoan entzun ahal ditugu istorio handiak, iragan batean gertatutako pasadizoak, non protagonistak kolpe bat ematen duen mahai gainean bere eskubideak eta ahulenenak defenditzeko edo iparorratza eskuan hartuta bidean galdutako guztiak laberintotik ataratzen dituen.

Gertakari handiak beti kontatzen dira lehenaldian, horietarako orainaldia eremu antzua omen da, ez omen da giro holakoak gertatzeko egun. Bolantean inor ez egoteak badu alde on bat, urte batzuk barru inork ez lizkiguke larrutu beharko belarriak bere pasadizo handinahikoekin. Gaur egun inor ez da ari erabakiak hartzen, ez behintzat gehiengoaren eguneroko arazoei konponbidea bilatzeko, erabakiak ez hartzea agintearen adierazlea balitz moduan. Laissez faire, laissez passer (utzi egiten, utzi pasatzen) frantsesek dioten moduan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak