Zutabeak

Iritzia | Kaleak eta heziguneak aldarriz betetzera goaz

M8a gertu dago eta aurten ere mugimendu feministak mobilizazioak egingo ditu herri eta auzoetan. Neska* gazteok hauetan parte hartuko dugu. Idazki honen bidez, gaztetasunari erreparatu eta gure aldarrikapenak zabaldu nahi ditugu martxoaren 8 honetan.

“Matxismoa da gure pandemia” lemapean hartu zituen kaleak Basauriko mugimendu feministak azaroaren 25ean. Ez geunden denok, eta oraingoan ere ez gaude denok, biolentzia heteropartriarkalak emakumeoi bizitza kendu eta ikustezin bihurtzen gaitu eta. Gainera, osasun krisiak sistema kapitalista patriarkalaren krisi estrukturala agerian utzi du. Pandemiaren hasieran faxistek eta honen aliatu diren komunikabide hegemonikoek koronabirusaren zabalpenaren errua feministoi atxikitu ziguten, mugimendua pandemiaren erantzule bihurtuz. Guk argi daukagu, ordea, nortzuk dabiltzaten ardura herritarron gain jarri nahian; eta horregatik aurten ere zaintza erdigunean jarriz eta gure artean saretuz kaleak eta heziguneak aldarriz betetzera goaz.

Inposatu diguten “normaltasun”-ean, neska* gazteon bizitzen gaineko prekarizazioa areagotu dela mahaigaineratu eta salatu nahi dugu. Pandemiaren aitzakipean hartu diren neurri asko (murrizketak, pribatizazioak…) ez direla bizitzak sostengatzeko hartu kapitalaren defentsan baizik. Gazte langabeziak izugarri egin du gora; 35 urtetik beherakoon langabezia-tasa % 51,6koa da. Gure bizitzetako arlo guztietara zabaldu den ezegonkortasunak erabakiak hartzeko gaitasuna kaltetu egiten du, gure autonomiaren kontra eginez. Gazteak bihurtu nahi gaituzte egoeraren erantzule, eta horren adibide da gorputz ez-normatibo eta ez-produktiboen kontrako etengabeko kriminalizazioa. Ezin dugu aipatu gabe utzi azken hilabeetan zehar gazteok jasan dugun bortizkeria poliziala, gu zaintzeko omen daudela esaten jarraituko dute “auzolana”ren izenean gainera! Militante feministak jazarri eta identifikatzen dituzten bitartean!

Feminismotik, eta gaztetasuna motor izanik sistema arrakalatzeko Martxoaren 8a borroka egun gisa ulerturik ekingo diogu. Basauriko Asanblada Feministako (BAF) kideok 19:00tan deituriko mobilizazioan parte hartuko dugu eta bertaratzera animatzen dugu emakume* oro!

Neska* gazteak saretuz sistema arrakalatu! Gora borroka feminista!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak