Zutabeak

Iritzia | Munstro bat naiz

Koronabirusak eta horrek eragindako konfinamenduak hankaz gora jarri ditu gure bizitzak. Gure etxeko atetik haratagokoa desagertu egin da eta etxeko atetik barrukoa guztiz aldatu. 65 bat metro karratuetan bizi gara baina, behin-behineko bi bulego, ikastola txiki eta egunero erabili ez baina oso baliagarria zaigun gimnasioa “eraiki” ditugu.

Guraso askori ezaguna egingo zaien Koloretako Munstroa bezala sentitzen naiz azkenaldian, sentimendu guztiak nahastuta, momentu bakoitzean zein aukeratu ezinik. Gogotsu esnatu ohi naiz, baina horrek gutxi irauten du, zoritxarrez.

Lan egitea eta aldi berean alaba zaintzea, berarekin jolastea, elkarrekin gozatzea edota bere beharrak asetzea kontrajarriak dira. Zer egin, une berean, zure bikoteak tele-deia duenean, zure nagusiak zeozer egiteko eskatzen dizunean eta alabak zurekin egon nahi duela esaten dizunean? Garrasi egin edo hamarrera arte zenbatu? Ezohiko egoera batean gaude eta erantzun ia gehienak ulergarriak direlakoan nago. Horra hor nire koordinatzaileari askotan esan behar diodana: “Txikitxuarekin egoteko nire txanda da, mutilari tokatzen zaio orain lan egitea, gero begiratuko dut”. Eskerrak, neurri handi batean, ordutegi malgua egiteko aukera dudan.

Txandaka egitea adostu dugu eta, kostata, baina funtzionatzen du. Alaba pozik dago eta gure betebeharrak aurrera ateratzen ditugu, eguna deskonektatu gabe ematen duzun sentsazioarekin bukatzen duzun arren. Horregatik, beharbada, loak hartu baino lehen antsietatea etortzen zait bisitan. Aspaldi hibernatzen zebilen lagun mina nire egunokora itzuli da, denboran zehar esfortzuz lortutako oreka urratu nahian. Gu bion arteko lehia handia da, baina oraingoz partida irabazten ari naizela esango nuke.

Itxialdi honetan badaude positiboak diren gauzak, noski. Elkarrekin esnatzea, otorduak, hirurok batera hurrengo eguneko bazkaria prestatzea, jolasak, pelikulak, barreak, besarkadak, maitasun uneak… baina positiboa eta negatiboa balantza batean jarrita lotsa gabe aitortu beharra daukat lanera itzuli nahi dudala. Ez nuen uste esaldi hau inoiz esango nuenik.

Ez gaude gure bikotea eta seme-alabekin konfinatuta egoteko eginda, bakoitzak norberarentzako beharrezkoa duen espazio eta denbora ezean zaila da etxeko harmoniari eustea. Saiatu arren, ezinezkoa da sarri. Konfinamendua bukatzen denean, edo biguntzen denean behintzat, Koloretako Munstroak bezala sentimendu eta emozio bakoitza bere lekuan jartzen berrikasi beharko dut.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak