Gizartea

Iritzia | Norabide berri bat

Arin bizi ginen, kapitalismoak izurritzen duen ur jario konstantean. Bakoitzak bere beharrak, bere nahiak eta bere zereginak zituen. Denbora gure esku zegoen, denona zen, baina inork ez zion arretarik jartzen, hau kontrolik gabe ustiatuz. Bizitzeko era suntsigarri horrek aurrera egiten zuen adorerik eman gabe. Gizakia eta mundua gudan zebiltzaten, ea nork irabazi. Denok argi geneukan gizakiok garaile aterako ginela guda faltsu horretatik. Bakea berpizteko esperantza galduta zegoen, gizakiaren desagerpena lurraren amaierari lotuta zegoela jakinda ere, ez zegoen amaiera hori bideratzerik.

Egoera puntu jasanezin batera heldu zen, mundua lur jota zegoen. Suntsipena ailegatzear zegoenean, mundua jaiki zen eta azkeneko kolpe bat eman zion gizarteari…

Lurrak birus bat sortu zuen eta gizakiak “jakean” jarri zituen. Gizabanakook etxean geratu behar izan genuen birus horrek gure bizitzarekin akabatu ez zezan. Egunak eta asteak aurrera joan ahala, gizakiok ez genuen birus horri aurka egiteko ezer topatzen. Elkarren arteko kontaktu ezak, eguzkiaren izpien faltak eta birusak egunero ehunka pertsona hiltzen zituela ikusita, gizakiaren biziraupenerako ez zegoen esperantza handirik.

Denok genuen itxaropena zientzian jarrita, jasotako kolpearen ondoren jaiki eta osatzeko nahia. Guda horri buelta emateko intentzioz eta garaileak izateko asmoz. Gutxinaka-gutxinaka, mundua bere zena berreskuratzen hasi zen. Gizakiaren bizimoduak eginiko kalteaz berpizten joan zen (kutsadura, animaliak tratatzeko modua, lurra erabiltzeko erak…).

Egunak joan, egunak etorri, gizakia inoiz baino ahulago eta mundua inoiz baino indartsuago zegoela, honek azkeneko kolpea prestatu zuen. Gizakiok gure amaiera heldu zela ohartuta, begiak itxi genituen eta amaieraren zain geratu ginen. Munduak orduan, hasperen egin zuen eta gizakioi azkeneko ostikada eman beharrean, azken aukera bat eman zigun.

Beste birus bat sortu zuen, birus hau ez zen gizakiarentzat kaltegarria. Gurekin akabatu beharrean, gizakiak hiltzen ari zen birusen kontra jotzen zuen honek. Birus berri eta indartsu honek beste birusa di-da batetan desagerrarazi zuen, gizakioi bizirauteko aukera emanez.

Munduak ez zuen gizakiokin amaitu, gu munduaren amaieraren errudun izango ginen arren. Gizakiok harrituta jaiki ginen eta indarrak berreskuratu genituen. Indarbete egotea lortu genuen, eta momentu horretatik aurrera nola uste duzue jokatu genuela?

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak