Zutabeak

Iritzia | Olentzero eta Maridomingi maiteak

Gabon garaia ate joka ari den honetan, gurasook etxeko txikienei zer eta zenbat oparitu izan ohi dugu buruan. Gurean ez gara hamaika opari jasotzearen aldekoak eta, hortaz, eskema argia egin eta, gehienetan, suntsiezina den plana jartzen dugu martxan. Lan nekeza da, ez pentsa, gaizki-ulertuak eta burukominak ekar litzakeena.

Guztioi gustatzen zaigu Olentzero eta Maridomingi gurekin akordatzea, baina opariak egongelan sartzen ez direnean, zenbatezinak direnean eta neurritik irteten garenean umeen kalterako da. Aititerena, amamarena, birramamena, osabarena, izekorena, lehengusu nagusiena, gurasoena, gurasoen lagun minena… Azkenean ez dute bat bera ere aintzat hartzen, gainestimulatuta daudelako eta ilusioa galtzen dutelako.

Zertan datzan gure plan magikoa? Gure ingurukoen pentsamoldeei buelta ematean eta eurek ere gure ‘filosofiarekin’ bat egitea lortzean. Hori da zailena. ‘Opari bakarra? Eta hain merkea?’, oihukatu zidan amak lehenengo urtean. Aurten, ordea, honakoa komentatu dit: Zer pentsatu duzue oraingoan? ‘Patinetea amatxu, patinetea eskatu du’, esan diot.

Luze mintzatu gara gaiaz gure senitartekoekin eta, momentuz, guztiz konbentzituta egiten ez duten arren, gure erabakia eta hezitzeko modua errespetatzen dute eta opariak esku bateko hatzamarrekin kontatzen ditugu. Azken lau urteotan zertxobait lortu dugu.

Batzutan gaiztoaren paperean sartuta bageunde bezala sentitu gara, besteei oparitzeko trabak eta mugak jartzen. Errazena kontrakoa izango litzateke, baina dagoeneko bideari ekin diogu eta emaitzak merezi duela uste dut. Laupabost erregalu eta disfrutatzera!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak