Zutabeak

Iritzia | Oparirik ederrena

Basauriko Txarraska Gaztetxearen hasiera 1999an, Gazte Asanblada / Txarraska

Batzuetan pago baten itzal zabalaren azpian bizi banintz bezala sentitu naiz. Udan haren adar eta hosto ugariek babestu naute eguzkiaren disdiraz. Neguan berriz, zuhaitzak haren orbela laga dit, bere besarkada beroak euri gogorra eta hotz zitala uxatzen zituela. Horrela hazi naiz ni ere, pagoaren magalean dagoen zuhaixka bat banintz bezala, gurasoen besoetan goxo gerizatuta. Baina urteak igaro dira, udaberriko epeltasunak negua atzean utzi du behin eta berriz, denborak aurrera jarraitu du, balaztarik gabe. Azkenean, pagoaren maitasun mugagabe horrek, babesa eskaintzeko sentitzen duen beharraren ondorioz, zuhaixkak bere kabuz hazteko beharrezkoak dituen eguzkia eta ura kendu dizkio. Zaintzeko nahi horrek, besarkatzen ninduten besoak zurrundu ditu, burdin-barrak balira bezala.

Askotan hitz egiten da heldu izatearen zailtasunaz, baina gizakiok iragana ahazteko eta oraina ez bizitzeko dugun ohitura horrek eraginda, ahaztu egiten dugu zer den gazte izatea. Kontraesanez eta oztopoz jositako garaia da, aurretik ikasitako eta onartutako guztiaren kontra borrokatzeko grinaz beterikoa. Gizartearen hierarkian linbo batean dago gazteria, etengabe gutxietsia eta aldi berean desiratua den heinean. Gure iritzia adierazten dugun bakoitzean ukaezina dirudien esperientziaren argudioari egin behar diogu aurre. Baina ez al dago esperientzia gaztetan hartutako erabakiez osatua?

Hezi gaituzten helduek, gure bidearen hasierako harriak jartzen lagundu digute eta haien bizitzan zehar ikasitakoaz aberastu dituzte gure adimenak. Gure buruari nor garen galdetzen diogunean ordea, inork ez du pentsatu nahi beste norbaitek eraikitako bidea jarraitu duela. Babesaren aitzakiak ez du arrazoitzen gazteak gizabanako burujabe eta askeak direla eta erabakiak hartzeko eskubidea dutela ahaztea, horiek okerrak badira ere. Pentsamendu jakin bat inposatu beharrean, pentsatzen erakustea izango litzateke oparirik ederrena. Horrela, aurrekoak baino kemen gehiagoz hazten diren pagoz beteta egongo lirateke basoak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak