Kirola

Iritzia | Pilota eta liburua

Ainhoa Alvarez / Athletic Club

Ainhoa Alvarez Athleticeko jokalariak bizi erdia eman du futbolean. Orain hezkuntzan jarraituko du bere ibilbidea, hemen ere kirolarekin lotuta. Hori da futbola uzteko arrazoia: indarrak hezkuntzan jarri eta oposaketak prestatu. 26 urterekin hartu du erabakia. Emakumezko futbolean lehen lan-hitzarmena sinatu den urtean utzi du futbola.

Esku artean duzun paperezko edizioaren 14 eta 15. orrialdeetan irakur dezakezu Maider Ibañez kazetariak Ainhoari egindako elkarrizketa zabala. Eta lerro hauen ondoan Dani Maiz ilustratzaileak eskaini dion azal ilustratua: pilotatik liburura.

“Zer esango zenioke futbolean hasten ari den ume bati” galderak amaiera ematen dio elkarrizketari. Umeei eta gurasoei zuzentzen da. Umeei esaten die aurrera jarraitzeko eta kontutan eduki dezatela bere inguruak baldintzatu egingo duela euren jarduera. Ume bakoitzak nahi duena egitera animatzen du, eta gurasoei esaten die, erabakiak errespeta ditzatela. Futbolean hasten den umeak futbola gustuko izan behar duelako, “futbolaz eta futbolarekin disfrutatzea, horren atzetik beste gauza asko datozelako. Bai Athleticen, bai Galdakaoko taldean”.

Mezua argia da: jolastu eta gozatu. Sinplea oso. Futbola gauza asko delako: sorkuntza, hazkuntza eta hezkuntza, sentsazioak. Eta finean, pilota bat da, Ainhoaren eta gero eta emakume gehiagoren bizitzan dagoen pilota. Baina pilota hori norbaitena bada umeena da. Izan da, da eta izango da. Ahaztu emaitzak, belar perfektua, koloreetako kamisetak eta botak. Ume txikienek egiten duten moduan, une batez ahaztu apaingarri horiek guztiak. Horiek guztiak kendu eta zer geratzen da? Gozamena eta algarak sortzen duen jostailu bat. Eta pilotarekin batera, Ainhoak beti beste jostailu bat izan du gertu: liburua.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak