Zutabeak

Iritzia | Txikitako berbak

Familia erdaldun batean hazi nintzen. Ama euskalduna da. Izan ere, ez zuen gaztelera ikasi eskolara joan arte. Mahaikide erdaldun bat jarri behar izan zioten Frankok inposatzen zuen hizkuntza ikasi ahal izateko. Amak kontatzen du bere herriko alkateak euskeraz esaten zien gazteleraz hitz egin ezean kartzelara joango zirela. Geroago, hamaika urte beteta, eskola utzi behar izan zuen eta Neguriko markesa baten etxean sartu zen neskame. Hortik, Madrileko jatxetxe batzuetan zerbitzari eta Galizia eta Andaluziako lurraldeetan bilatu zuen etorkizuna. Beraz, ama-hizkuntza buruaren kaxoi ilun batean gorde behar izan zuen.

Aita siriarra zen. Nahikoa lan izan zuen lehenago italiera eta gero gaztelera ikasteko. Nekez moldatu zen “agur” eta “egunon” berbak ikasteko. Aitak arabiarra, bere ama-hizkuntza, lotsaz ere ezkutatu behar izan zuen orduko gizarte tradizionalak onar zezan.

Hortaz, seme-alabak jaio zirenean, elkarrekin komunikatzeko hizkuntza bakarra entzuten zen gure etxean, gaztelera hain zuzen ere. A ereduan hezi ginen eta tradizioaren soka luzeari metro gehiago gehitu zitzaizkion.

Hala eta guztiz ere, gurasoen hizkuntzen kaxoiak ez zeuden giltzarrapoz itxita eta berba batzuek ahorako bidea topatu zuten ihes egiteko. Nik ez nekien orduan hitz arrotzak zirela eta nire hiztegian barneratu nituen normaltasun osoz.

Amak “bihotza” esaten zidan maitasun-adierazpen gisa edo “ganorabako” umekeriaren bat egiten nuenean. Aitak, ordea, gurekin haserretuz gero “A la habitación, yallah (goazen)!” oihukatzen zigun. Ez genuen hiztegirik behar esaldi horiek zuzen interpretatzeko.

Franco hil eta gero, euskara irakasten hasi ziren eskolan, nik sei urte nituela. Garai horretatik gogoratzen dudan lehen berba “kaiola” da. Argi daukat hitza laguntzen zuen irudia: txori bat kaiola batean sartuta.

Eta esango nuke txikitan ikasitako berba horiek nire patua markatu dutela. Gogoan txertatu zen aitaren “yallah” haserre hori eta umetatik nire kaiolara sartu nintzen bizitza ganorabako bat izateko, bihotzik gabe, bizipozik gabe. Ez naiz ni A ereduko ohiko biktima bat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak