Badator! AEKko irakaslea da korrika datorrena. Begirada zorrotza dauka, aditua eta aritua, aztoreek harrapakinak ikuskatzeko, aukera egokia baliatzeko eta arrakasta ziurtatzeko darabilten bezalakoa. “Laguntzaile” bila ari da. Bai, zera, laguntzaile! Korrikarako astolana egingo dion langile bila dator tunante madarikatua!
Aztia da AEKko irakaslea pertsonak analizatzen; badauka sen innatoa pertsonak berera erakartzeko, berezko etorria baitauka jendea konbentzitzeko. Badaki zeinengana jo; badaki euskararenganako lotura afektiboa detektatzen eta bere helburuetarako erabiltzen.
Horrelako tekniken jabe dena erraz ailegatzen da egoera animiko egokian dagoen pertsonarengana. Horietako bat nintzen ni KORRIKAn “laguntzaile-sarean” harrapatu nindutenean. Kokoloa ni! Larrutik ordaindu nuen inozokeria!
KORRIKAn arlo ekonomikoa kontu garrantzitsuena zela azpimarratu zigutenez, atoan ekin nion diru bilketari: Korrika Laguntzaile txartela saltzen kuadrilakoei, familiakoei, lankideei… Herriko dendetan-eta ibiltzen nintzen, Korrika Laguna txartelpeko atrakoak egiten. Dirurik ez gastatzearren, -Kasuen Sos, Txakur-txiki eta Mari-txanpon!- ekitaldietarako mahaiak, aulkiak, material astunak garraiatzen ibiltzen ginen ni eta ni bezalako “laguntzaileak”. Eta horrela, jo ta ke, KORRIKA pasatu arte.
Lortu nuen mundu horretatik aldentzea, ederki kostata izan bazen ere! Lagunik gabe geratu nintzen (KORRIKA garaian ikusten nautenean, alde egiten dute); herriko hainbat dendatara sartzeko lotsaz ibiltzen naiz oraindik ere; lunbalgiak astindu ederrak ematen dizkit noizean behin. Baina, tira, behintzat irten egin nintzen. Nirekin batera egon ziren beste batzuek, ordea, bertan segitzen dute, harrapatuta. Gizajoak!
