Ulergarria da LOMCE legea dela eta, jendeak publikoki erakutsi duen haserrea, izan ere, atarikoa irakurri baino ez dago konturatzeko eskola curriculuma industriarentzako langile kualifikatuak sortzeko helburu hutsarekin sortu dela. Dena den, hezkuntza ereduen inguruan hausnarketa sakonik egiten ez duen hainbeste jende haserre egoteak agerian uzten du haserrea politikoagoa dela, hezkuntzarekin berarekin lotutakoa baino. Horrekin, jakina, ez dut adierazi nahi lege horren aurka egotea positiboa ez denik, inolaz ere, baina, batzuen argudioak ikusita, pentsa liteke PPk eredu humanistatik hezkuntza sistema kapitalistara bat-bateko saltoa egin nahi duela, benetan aspaldi egina dugunean salto hori. Eskolak hasieratan, gizaki osoak, parte-hartzaileak, irekiak, kritikoak, etorkizuneko mundua eraikitzeko kapaz zirenak heztea zuen helburu, egia da, baina apurka-apurka, eta sistema ekonomiko kapitalista sustraitu ahala, eta berarekin bat, merkatuaren irizpide beretsuak –lehiakortasuna eta etekina- erabiltzen dituen beste eredu batera egin du bidea. Eta ez, bide hau ez da atzo goizean hasi, eta ez da izan hezkuntza lege ezberdinak ezartzearen ondorio. Ez beti.
Eskola curriculumean eredu merkatilista hau errausten duten edukiak jaso behar dira, jakina, baina alferrikakoa da, gizartearen gehiengoak hazkunde ekonomikoak -produkzio eta kontsumo handitze bezala ulertuta- berez oparotasuna dakarrela barneratuta daukan bitartean. Bereziki tristea da, gainera, krisiak azalean utzi baitzituen aspaldi eredu kapitalistaren ahuleziak; garapena aspaldi ez dago giza beharrizanek baldintzatuta, alderantziz baizik. Beharrizanik ez bada, sortu eta asmatu egiten dira, sistema ekonomikoa bera etengabe elikatu beharreko munstro bilakatu baita. Kontua da sistema ekonomiko hau posiblea den bakarra dela errotik sinestuta bizi garela, eta horrek gure jokabide guztiak baldintzatzen dituela, guraso edo irakasle garenean hartzen ditugun erabakiak ere bai. Azken batean, sistema ona -edo aldaezina-dela uste duzunean, zure seme-alaba eta ikasleak sistemara lehenbailehen eta ahalik eta ondoen egokitu daitezen nahi izango duzu, modu kontzientean ez bada ere. Curriculumean eredu humanistagoa egon denean ere, esate baterako, paperean idatzita egon egon da, baina benetan ez da hori izan geletako eguneroko errealitatea. Guk ez genuen LOMCErik izan, baina asumituta daukagu, nolabait, ingelesa ikastea kilkerrak zuloetatik nola ateratzen diren ikustea baino aberasgarriagoa dela. Zoritxarrez, gure gizartean, horrela delako.
Orain arteko eredua ere edukien jabetzean oinarritu izan da, eduki horien hausnarketa kritikoan baino; lehiakortasunean -eta ez lankidetzan, lan-taldeetan ekintza solteak egiten badira ere; emaitzetan, puntuazioetan. Lan, ikasketa eta ezagutza metaketa soilarekin lotzen dugu denok heziketa defektuz, eta ez esperientziekin. Nola uler liteke, bestela, etxeko lanen garrantzia azpimarratzean irakasle guztien adostasuna egotea, gerorako “lan-ohitura” bat ezartzearen aitzakia hartuta? Zentzurik ba ote du horrek eredu humanista baten barruan? Jolasa, hausnarketa librea, gozamena, harremanak, parte-hartzea, naturarekiko lotura, etab., modu isolatuan eta momentu puntualetan baino ez dira lantzen, nahita ala nahi gabe helburua beste bat delako. Eta Curriculumean gura beste makilllatu ahal dugu hau, baina LOMCEak zentzu horretan ez du egin geletan eguneroko errealitatea dena paperean jarri baino askoz gehiago. Nire iritzia nahi baduzue, azken urteotako hezkuntza eredua kaka hutsa, eta LOMCEa bera, kaka hutsaren hurrengoa baino ez.
Argi dago gizarteak berak eredu humanistago batera jotzen ez duen bitartean, nekez egingo duela bide hori hezkuntzak, lege aproposagoak onartu arren. Harremanetan, lankidetzan, parte-hartzean, elkartasunean, esperientzietan, eta, batez ere, deshazkundean oinarritutako filosofia batera jotzen ez duen gizarteak LOMCE legea deabrua bailitzan muturrekoka birrindu ahal dugu, eta ondo egingo du gainera, baina hezkuntza-errealitatean ez da alde nabarmenik egongo, bata bestearen ondorio baitira. Agian egunen batean eskolako curriculumak mundua eraiki eta eraldatzeko kapaz diren pertsonak heztea helburu izango du berriro ere, modu naturalean eta lege beharrizanik gabe, gizarteak berak eraldaketa hori posiblea dela berriro sinesten duenean.
