Korrika badator! Badator KORRIKA!. Korrikaren hainbat ediziotan hartu dut parte, eta esan behar dut oso pozik ibiltzen naizela lanean, ahal dudan guztian laguntzen, lan egiten, antolatzen eta animatzen, uste dudalako AEK-k egiten duen lana txalogarria dela. Euskaltzalea naiz eta euskararen aldeko ekitaldi hau oso-oso garrantzitsutzat jotzen dut. Bihotzeko kutuna da niretzat.
KORRIKAren hastapenetatik kolaboratzen dut. AEK-koek noiz deituko egoten naiz. Lagunak, familiakoak eta lankideak inplikatzen ditut laguntza emateko, hain premiazkoa den arlo ekonomikoan kolaboratzeko, herrian antolatzen diren ekitaldietara joatera animatzeko, Korrika pasatzen denean zati batean korrika egiteko..
Gure auzoak kilometro bat erosi izan du orain arteko edizio guztietan. Kilometroa erosteko dirua ateratzeko hainbat kontu egiten ditugu: zozketak, pintxo-poteoa eta horrelakoak. Eta Korrika pasatzen den egunerako, edo gauerako, sardinada prestatzen dugu Korrikaren zain egoten garen bitartean. Oso ekitaldi animatua izaten da.
Behin izan nuen lekukoa eramateko aukera, eta ezin dut deskribatu sentitu nuena: furgoneta atzean nindoan, argi-fokoak ni argiztatzen, furgonetatik animo deiak entzuten, eta ni lekukoa eskuan nuela, laino batean, espaloietan zegoen jendetzaren txaloak, oihuak…entzun gabe; poza, zirrara, negar egiteko gogoa, emozioari ezin eutsita.
Gogoangarria, benetan! Ahaztu egiten dira egindako lanak, bilerak, eta kontu horiek guztiak. Merezi du! Benetan zoragarria da AEK-k euskararen alde antolatutako lasterketa erraldoia, Zazpi Euskal Herrietan barna ibiltzen den ekitaldia!
