Zutabeak

Iritzia | Min gehiago eta Prozac gutxiago?

Frantziako eta Ipar Amerikako iraultzek zoriontasunaren eskubidea ekarri zuten. Erromatar kristautasunak goraipatzen zuen sufrimenduaren aurrean, modernitateak zoriontasuna ekartzen zigun. Gaur egun, postmodernitatearekin, zoriontasuna eskubidea baino betebeharra bihurtu da. Zoriontsua izateko giro konpultsibo batean bizi gara, gozatzeko, eroso bizitzeko, ondo sentitzeko. Are gehiago, zoriontsua ez izatea egungo bekatua bilakatu da. Sasoian egoteko beharra dugu, gazte, pozik eta baikor. Gorputza sendotu, kontzientzia sortu eta bekatuak garbitzen zituen minak bere zentzua galdu du. Postmodernitatearen gaixotasuna zoriontsua ez izatearen sentipena da.

Eta gizarteak behar duena markek ematen digute. Publizitateak zoriontasuna kontsumo-produktu bihurtu du. Zoriontasuna saltzen digute bai esplizituki zein inplizituki. Lehen aukeran, geroz eta marka gehiagok kontzeptu hori aipatzen dute beraien iragarkietan. Adibiderik ezagunena Coca Cola-rena izan daiteke (“Zoriontasunaren fabrika” edo “1886tik zoriontasuna banatzen” ). Zoriontasunaren institutua ere sortu du.

Marka askok, aldiz, zoriontasunaren ideia era inplizituan transmititzea nahiago dute, barreen eta keinu alaien bitartez. Berdin da hortzetako pasta, aseguru-etxe edo elektro-tresna bat iragartzen diguten, guztietan ikusiko ditugu pertsona irribarretsuak eta familia alaiak. Baina zoriontasuna arrakastaren bitartez ere transmititzen da. Arrakasta lortuz gero, pertsona hobea izango omen zara eta horrek zoriontsuago sentiaraziko zaitu. Loteriaren sari nagusia irabazita edota ametsetako gizon edo emakume hori konkistatzen baduzu lurrin jakin baten tantez lagunduta.

Galdetzen didatenean zein izan den nire bizitzako unerik zoriontsuena, nik argi daukat. Bartzelonan izan nuen ebakuntza baten ostean izan zen. Zaintza intentsiboetako unitatean eman nuen egun oso bat, nire zainetatik morfina-dosi handiak zebiltzala. Trainspotting filmeko eszena hura datorkit burura pertsonaia batek heroinak sortutako bidaia azaldu behar duenean: “Hartu izan duzun orgasmorik onena. Biderkatu bider mila. Ez zara ezta hurbil ibiliko ere”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak