Eraikin guztiek behar dituzte tente mantentzeko lau pilare tinko, teilatu iragazgaitza, pareta sendoak… Basauriko Emakumeon etxeko zimenduek emakume izen propioak eta abizen feministak dituzte. Polixene Trabudua, Dolores Ibarruri, Pepita Nuñez edota Elbira Zipitria dira gure etxeko geletako lanaren lekuko. Ahalduntze-prozesuetatik haratago daude gure artean ernaldutako sinergiak: ikaste prozesu komunak, elkarren arteko errespetua eta bata bestenganako zaintza.
Historikoki aldarrikatutako gure gune hau bihurtu da sutondo, aterpe, eskola eta gure akelarretarako plaza. Hiru urte Marieneako ateak zabaldu zirenetik eta hamarkada pare bat igaro da proiektu horrekin amesten hasi ginenetik. Ezinezkoa zirudien hura egia bihurtu dugu denon artean. Euskal Herriko mugimendu feministak, baita munduko edozein zirrikitutatik gerturatutako bisitariek ere, inbidiaz begiratzen gaituzte. Gure etxeak horrela jarrai dezan behar zaituztegu.
Martxoa iritsi da. Egutegian zortzia morez tindatzearekin batera, berdintasunaren alarma guztiak pizten dira: egunkarietako estatistiketan, Teleberriko istorioetan, eskoletako egunerokotasunean, kalean… denak dira aldarrikapenak. Primeran! Igandean aldarrikatutako dugun hori izan dadila eguneroko xedea!
Guk nahi dugun bidean beste batzuek jarritako harriekin topo eta estropu egin dugu, apika, mina ere hartu dugu; baina zorionez, altxatzen ere badakigu. Heteropatriarkatua elikatzen duten horiek bestelako karraju batzuetatik eraman nahi gaituzte: bazterretara, prekaritatera, gure gorputza kontrolatzera, gure bizitzak maneiatzera… Ez diegu utzi behar, ez!
Zapalkuntza hauei guztiei aurre egiteko beharrezkoak dira emakumeon etxeak. Anitzak izan arren, elkarrekin eta guztion artean, lortuko dugu.
Euskal Herria feminismotik eraikiko dugu. Marienean egunero da martxoak 8! Zaretela ongi etorriak!
