Zutabeak

Iritzia | Reset botoia

Ostadarra / Jon Villapun

Askotan pentsatu izan dut buruan iragazkirik gabeko karaoke bat sartuta daukadala. Teleberriak kontatzen digunak onik egiten ez digunez gauetan musika entzun ohi dugu eta horregatik, akaso, topera dabil azken hilabeteotan nire kanten errusiar ruleta. Ahotik irteten zaizkidan abestiek ezustean harrapatzen naute batzutan, ez bainuen hor gordeta zeuden berri. Nola egon daitezke biltegi berean M.C.D., Ella Baila Sola, Negu Gorriak, Foo Fighters edota bere momentuan famatua egin zen Las Mamachichoren abestia?

Gaur Zea Maysen ‘Astero ostera hastera’ kantarekin esnatu naiz. Kasualitatea? Izan liteke, baina gauden egoeran egonda, ez dut uste. Ilea orrazten ari naizela gogoeta egin eta abestiaren izenburuari aldaketa bat egingo niola otu zait: astero beharrean egunero esango nuke momentu honetan. Egunero hastera behartuta nagoen pertzepzioa daukat, ‘reset’ botoia egunero sakatzera, egun bakoitza gainditu beharreko erronka txiki bat izango balitz bezala: etxean, lanean, eskolan…

Kezkati eta beldurtia izatea nire nortasunean txertatuta dago. Ez dut akatsen zakuan sartzen, baina bai landu beharrekoenean. Egunerokoa eta horrek ekar ditzakeen ezustekoak kontrolpean izatea gustuko dugunok jai dugu. Txipa aldatu beharra dugu eta, kaka zahar honek irauten duen bitartean, ziurgabetasunean bizitzera ohitu. Hala ere, hasierako nire beldurra eta egonezina baikortasun bihurtzen ari da pixkanaka pixkanaka eta, horrela bai, errazagoa egiten ari zait egoerari aurre egitea. Pandemia batean murgilduta ere posible delako bizitzaz gozatzen jarraitzea. Ez dezagun ahaztu! Bongo Botrakoren abestiak dioen bezala: ‘Todos los días sale el sol’.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak