Irrika eta pasioz beteriko Ruper Ordorika gazte bat gerturatu zitzaion oholtzatik jeitsi berri zen Benito Lertxundiri, aholku eske. Musika maite zuela eta betiko herri kantuak ahotsez gorpuzteko artean trebatu nahi zuela. Aholku mintzatuekin lagundu zion Lertxundik eta ondoren jaiotakoak gure musikaren historiako atalak dira. Ez zen izan, ordea, hainbat urte aurrera, beste emari batzuen korronteak dastatu ostean, Hiru truku taldea abiatuko zuela. Herri kantuak eleganteki transformatu zituen Bixente Martinez eta Joseba Tapiarekin batera, eta memorian gordetzeko hiru lan utzi zituzten.
Betidanik maite izan du musika Ordorikak. Gazte-gaztetatik zuzeneko emanaldietan musikariek instrumentuak nola muntatzen zituzten so geratzen zen mutil betaurrekoduna zela azaldu izan du inoiz. Kurioski, guk betaurreko abangoardistekin ere identifikatzen dugu bera. Baina ez soilik zentzu fisikoan. Bernardo Atxaga lagun minaren hitzak dira, Ruper, “pertsona modernoa da Euskal Herri ez hain modernoan”. 2013ko irailean esan zituen hitzok, ETB1ko Tumatxak saiorako grabatu genuen elkarrizketan. Betirako memorian iltzatuta geratuko zaidan lan eder horri esker, gustura entzun nizkion Ordorikari bere bizitzako hainbat pasarte zuzenean kontatzen.
Deustuko Unibertsitatean ikasle zela, Koldo Izagirre eta Bernardo Atxagaren testuekin ehundutako Panpina Ustela aldizkaria banatzeko arduraduna zen Ruper. Bahituta zegoen publikazioa, ezkutuki zabaltzen zuten, eta halako batean pertsonalki ezagutzen ez zuen Atxagari hurbildu zitzaion Ordorika. Horrela hasi zuten urteetan emankorra izan den adiskidetza. Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi eta Joseba Sarrionandiarekin batera sortu zuten Pott banda. Bandak argitaratu zuen 1978an Atxagaren Etipia poema liburua, Ordorikak Hautsi da anphora izeneko diskoan musikatu zuena. Basauri bada historioa zati horren protagonista baita ere; Pozokoetxen bizitu izan zen Ruper. Hantxe, Basauriko etxeko sukaldean josi zuten Atxagak eta Ordorikak diskoa.
Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxagaren hamaika poema doinuz jarri ditu dantzan Ordorikak. Goizalde Landabasok Pott bandaren emankortasuna bikainki biltzen du “Gure memoria literarioa hor dago, eta musikala baita ere” dioenean. Are gehiago, geografikoa ere izan daiteke. Izan ere, sukalde hura bezalaxe, ezaguna dugun Arenaleko zubian eman zion Atxagak Ruperri Berandu dabiltza kanta izango zenaren zirriborroa. Handik gertu, Zazpi kaleetan, topo egin zuen Ordorikak askatu berri zuten Josu Muguruzarekin, egun eguzkitsu baten igande eguerdiz. Ilusioz beteriko Muguruza askeak, Bilbo gozatu nahi zuela azaldu zion Ordorikari. Ez zuten gehiago elkar ikusiko. Xalbadorren alabak berri txarra eman zion Lazkao txiki bertsolariari, eta diotenez, haren erreakzioa bildu zuten “Ez da posible, ezin liteke” hitzek. Hortik edan zuen Ordorikak, hortaz, Muguruza hil zutenean jaio zen Ez da posible kanta idazteko.
Argiatara eman dituen hemezortzi diskoetatik, Hi hintzena, Martin Larralde, Ene begiek eta Hiriak kantak ditut bidaide. Eta zuk?
